Ertzaintzak Bortxa APPa jarri du abian

0

Aurten Bortxa APPa sortu da Euskadin etxeko edo genero indarkeriagatik Ertzaintzaren laguntza jasotzen duten emakumeek erabil dezaten.

Aplikazio honen bitartez biktimak etengabe harremanetan egon daitezke ertzain-etxeekin eta laguntzarako eta sorospenerako zentro espezializatuekin. Guztira 386 emakumek erabiltzen dute jada telefono pertsonalean integratuta duten aplikazio hori. Ertzaintzak lagatzen duen Bortxa telefonoa aplikazio hori onartzen ez duten telefonoak dituzten 74 pertsonak erabiltzen dute. Urruntzeko edo babesa emateko epaileen aginduek 3.291 emakumeri eragiten diete. Horrez gainera, 85 biktimak beti edo tarteka, arriskuaren arabera, bizkartzainekin ibili behar izaten dute. Kontrol telematikoko eskumuturrekoa 46 erasotzailek daramate.

Gaur egun GI/EIren ondorioz poliziaren babes-espedientea duten emakume biktimak, Segurtasun Sailak kontabilizatuta dituenak, honela banatzen dira lurraldeen arabera: Bizkaian 2.356, Araban 752 eta Gipuzkoan 1.551. 2018ko azaroan babes-neurriren bat zuten emakumeak 4.565 ziren guztira: Bizkaian 2.304, Araban 789 eta Gipuzkoan 1.472.

Ertzaintzak 2000. urtetik ditu araututa emakumeen kontrako tratu txarrei aurrea hartzeko eta aurre egiteko jarduketa-prozedurak. Egungo protokoloak 2006an jarri ziren abian. Horien artean nabarmentzen da Euskal Herriko Unibertsitatearekin (UPV /EHU) batera prestatu zen eta Europan aitzindaria den arriskuak ebaluatzeko sistema. Arriskua neurtzeko prozedura hori behin baino gehiagotan berrikusi eta hobetu da, azken aldiz 2013an.

Ertzaintzak kasu berri bat hautematen duen bakoitzean, informatikoki erregistratzen du etxeko indarkeriako edo genero indarkeriako (EI/GI) espediente batean. Une horretatik aurrera, Ertzaintzak babes aktiboa ematen dio biktimari, esleituta duen arrisku-maila eta epaileak kasua ebatzi duen alde batera utzita.

EI/GI espediente bakoitzak kasuaren historial osoa biltzen du kronologikoki: elkarrizketak, salaketak, epailearen aginduak edo beste aplikazio informatiko batzuetako datuak, besteak beste.

Kasurik larrienetan epaitegietako tramiteak errazteko eta babes handiagoa ematera iristeko, tratu txarrak jasan dituen emakumeari epaitegira laguntzen diote agenteek lehenengo tramiteak egitera joaten denean. Bestalde, gizarte-zerbitzuekin harremanetan egoteko bidea dago tratu txarrak izaten direnean seme-alaba adingabeei arreta emateko.