FANTek XXVI. ediziorako lanak aurkezteko epea zabaldu du

0

Bilboko Udalak zine fantastikoari buruzko ANTen 26. edizioan lehiatuko diren filmak aurkezteko epea ireki berri du.

FANT 26k aurrera jarraituko du epaimahaiaren eta ikusleen iritziz onenak izan diren film laburrei ematen zaizkien 3.000 euroko bi sariekin eta epaimahaiaren iritziz Euskal Herriko film labur hoberenari ematen zaion 2.000 euroko sariarekin. Horrez gain, 1.500 euroko saria Panorama Fantastiko Laburra saileko Film Labur Onenarentzat. Bilboko Udalak, film labur formatua bultzatzeko aurrera daraman jarduketa ildoa indartzen duten lau sari dira, izan ere, hori baita Zinemaldi Fantastikoaren nortasun ikurretako bat.

FANTen hurrengo edizioak eutsi egingo die film luzearen alorreko sariei. Horrela, Sekzio Ofizialeko Film Luze Onenak 3.500 euro jasoko ditu, eta Panorama Fantastiko Saileko Film Luze Onenak, 2.250 euro. Izan ere, Panorama Fantastiko Saileko sarietara bideratzen diren ia 4.000 euroekin, berretsi egiten da zinemaldiak eta Bilboko Udalak zinegile gazteen lanaren alde egiten duten apustua. Sariak ezin izango dira hutsik geratu, eta ez dira ex aequo emango.

Horrez gain, aurtengo edizioan ere Sekzio Ofizialeko film luzeei ematen zaizkien ohorezko sari hauekin jarraituko da: Gidoi Onenaren Saria, Euskal Herriko Gidoilarien Elkarteak ematen duena, eta Zuzendaritza Berritzaileenari ematen zaiona, FAS Zine Klubaren eskutik. Zinemaldi Fantastikoak – FANTek, FANTROBIA Sariarekin ere jarraituko du, zine fantastikoaren barruan, azken urteetan gorantz doan balio gisa azaldu den pertsonari emango zaiona.

Hirugarren urtez jarraian “Unión de Actores Vascos – Euskal Aktoreen Batasunaren” ohorezko saria emango zaio Euskal FANT Laburra Sekzioko antzezpen onenari. Aukeraketa, Unión de Actores Vascos – Euskal Aktoreen Batasunak izendatutako epaimahaiak egingo du.

Kasu guztietan, ikusteko kopiak jasotzeko azken eguna 2020ko MARTXOAREN 1a izango da. Materialak lehiaketara aurkezteko prozedura eta beharrezkoa den gainerako informazio guztia, zinemaldiaren webgunean dauden oinarri osoetan kontsulta daitezke: www.fantbilbao.eus