Xabi Alonso iruzur fiskalagatik absolbitu dute

0

Xabi Alonso  egotzi zizkioten Ogasun Publikoaren kontrako hiru delituetatik absolbitu du Madrilgo Auzitegiak.

Auzitegiak gaur eman du epaiaren berri. Erabakia ez da irmoa, eta Fiskaltzak helegitea aurkez dezake oraindik Madrilgo Auzitegi Nagusian.

Alonsorekin batera, Ivan Zaldua zerga-aholkularia eta Ignasi Maestre Madeirako sozietate bateko administratzaile ohia auzipetu zituzten. Alonsok sozietate horri laga zizkion bere irudi-eskubideak 2009an.

Epaiketan errugabea dela aldarrikatu zuen Alonsok: «Zegokidana ordaindu dut beti, inoiz ez dut ezer ezkutatu». Bertan azaldu zuenez, bere zerga-aholkulariak sozietate bat sortzea gomendatu zion irudi-eskubideak lagatzeko, eta hura legezkoa ote zen galdetu zionean «ohiko praktika» zela azaldu zion aholkulariak.

Epaileek ebatzi dutenez, «bidezkoa zen —orduan zegoen zerga araudiari erreparatuta— irudi-eskubideak lagatzeagatik jokalariak izandako etekinengatik pertsona fisikoen gaineko errentari zegozkion zergarik ez ordaintzea, zerga-araubideak ezarritako baldintza guztiak bete baitziren».