Bilboko geltoki intermodala inauguratu dute

0

Bilboko alkateak, Juan Mari Aburtok, hainbat zinegotziz lagunduta, gaur inauguratuko dute oizialki Bilbo Intermodala.

Gaur hasi eta azaroaren 29an zerbitzua ematen hasi bitartean, ateak irekita izango ditu geltokiak, egun bitan, nahi duten guztiek aukera izan dezaten instalazioetan zehar ibiltzeko eta egitura berrira ohitzeko. Azpiegitura bisitatzeko ordutegiak hauek dira: gaur arratsaldean, 16:00etatik 20:00etara bitartean, eta bihar, eguena, azaroak 28, 10:00etatik 14:00etara.

Inaugurazioan, Juan Mari Aburto alkateak adierazi du “intermodala, segurua eta modernoa izatea” direla hiri-proiektu honen alderdirik garrantzitsuenak geltokia eraikitzeko erabili den gestio-eredua ere azpimarratu du. “Bilboko Udalak ez du euro bakar bat ere ordaindu Bilbao Intermodal geltokia eraikitzeko. Hala izan da, ez genuelako erabili nahi baliabide publikorik, eta ez genuelako zorrik hartu nahi, ez genuen hipotekatu nahi bilbotarren etorkizuna, ez eta Udalak inbertsioak egiteko daukan ahalmena ere”.

Bilbao Intermodala azaroaren 29ko (barikua) 06:00ak aldera, aurreneko autobusak iristen direnean, hasiko da zerbitzua ematen; ordurako, behin-behineko termibusa itxi eta hango operadore eta zerbitzu guztiak geltoki berrira lekualdatuko dira.

Azpiegitura berria funtsezkoa izango da uriaren etorkizunean. Horrez gain, hiriko garraio intermodaleko beste nodo bat dago hirian: trenbidea, Abandon. Nodo honek ere hazkunde kualitatiboa izango du abiadura handiko trena iristen denean.

Azpiegitura seguru, moderno eta ondo seinaleztatua da, senari jarraituz bertan ondo moldatzekoa. Estatuko eta atzerriko 25 enpresa arituko dira eta egunero, batez beste, 19.000 pertsona igaroko dira geltokitik. Kopuru horretan sartzen dira Bizkaibuseko bidaiariak ere, hara aldatuko baititu bere zerbitzuak. Bizkaibuseko bidaiariak geltokiko bidaiarien erdia izango dira. Ondorioz, azpiegitura horretatik urtean zazpi milioi pertsona baino gehiago igaroko direla jotzen da.

Bilbao Intermodal geltokiak lau solairu dauzka lurpean, 30 dartsena, eta 500 aparkaleku baino gehiago.

Batetik, lurpeko geltoki bat da. Sarbidea Gurtubay kalean dago, eta hobetu egin da. Inguruan izango duen eragina nabarmen murriztu da: horrela, zirkulazioa lasaituko da eta zona seguruagoa izango da. Autobusak lurgainetik eta Luis Briñasetik kenduko dira; beraz, kale horretan trafiko lokala baizik ez da ibiliko.

Beste alde batetik, 7.500 metro karratu liberatuko dira, plaza bat egiteko bertan; gune hori Sabino Aranan eta Errekaldetik Iralaraino irabazitako 80.000 metro karratuei gehitu behar zaie, FEVE linea lurperatu ostean egindako urbanizazio-lanei esker irabazi zirenak.