Bizkaiako Foru Aldundiak 1:5.000 eskalako kartografia berritu du

0

Aldundiaren web-orrian kontsultatu daitekeen 1:5.000 eskalako kartografia eguneratu dute.

Horretarako, Eusko Jaurlaritzak 2017ko udan egindako 25 cm-ko hegaldi fotogrametriko bat hartu da oinarritzat. Kartografia lehengoratze fotogrametrikoaren bitartez egin da: garraiobide-sareen, eraikuntzen eta beste eraikuntza-elementu batzuen geruzak eguneratu dira.

Gainera, Bizkaiko Foru Aldundiak 1956ko ortoargazkia egin du. Ortoargazki horretan, ia Bizkaiko Lurralde Historiko osoa agertzen da. BFAk egindako hegaldi batetik dator, jasota dagoen lehenengotik, hain zuzen, eta Informazio Geografikoaren eta Kartografiaren Atala egiten ari den lanaren emaitzetako bat da. Izan ere, Atal horrek herritarren eskura jarri nahi du foru-agiritegietan gordeta dagoen interes historikoko material fotogrametrikoa. Lan hori 2007an hasi zen, hegaldietan ateratako argazkiak eskaneatu baitziren. Ondoren, 2014an, argazki horien geolokalizazioa egin zen, eta, zenbait kasutan, orain aurkezten denaren bezalako ortoargazkiak egin ziren. Material hori balio historiko handikoa da, besteak beste, Bizkaiko Lurralde Historikoak izan duen eboluzioa ikus baitaiteke.

Hala kartografia nola ortoargazkiak doan kontsultatu eta deskargatu daitezke Bizkaiko Foru Aldundiaren web-orrian: http://apps.bizkaia.net/GRIT

2018an, orri horretan produktu kartografikoen 95.658 deskarga egin ziren, eta, aurten, jada 70.000tik gora deskargatu dira.