Donostiarren %94ren ustez, klima aldaketa “ukaezina” da, Cristina Enea Fundazioak egin duen azterlan batean ondorioen arabera.
Aitzitik, donostiarren %2k uste du ez dagoela halako arazorik; eta gainerako %4ak, azkenik, ez daki ba al dagoen ala ez.
Ekologiako zinegotziak, Enrique Ramos sozialistak, esan du “azken urteotan handitu egin dela donostiarrek arazo horren gainean duten kezka. Izan ere, 2012an, herritarren % 80 kezkatuta zegoen klima aldaketaren ondorioz; % 18k, aldiz, ukatu egiten zuen”.
“Lau donostiarren artean hiruk uste dute klima aldaketari ez zaiola ematen ari behar besteko garrantzia. Ostera, herritarren % 13ren iritziz, garrantzia ematen ari zaio. Eta, azkenik, donostiarren % 4k uste du behar baino garrantzi handiagoa ematen ari zaiola”, aipatu du Enrique Ramosek. “Hala, 1etik 10era bitarteko eskala batean, Donostia 7,7 posizioan egongo litzateke. Herrialdearen gainerakoan, batezbestekoa 7,8 da; eta Europan, 7,3”.
Donostiarren %63,7ren aburuz, klima aldaketak herritarren osasunari eragingo dio zenbait eratan; esate baterako, alergia prozesuak (%71,2), larruazaleko minbizia (%68,7), edo arnasketa arazoak (%66,67) sortuko dira.
Klima aldaketa apaltzeko egunerokoan gauzatu daitezkeen ekintzen harira, herritarrek hau uste dute: %57,22k, garrantzitsua dela ura barra-barra ez gastatzea; %51,72k, ez dela argindarra xahutu behar; %50,53k, berokuntza ez dela hainbeste erabili behar; %46,03k, garraio publikoa gehiago erabili behar dela, eta auto pribatua, aldiz, gutxiago (%34,39); eta, azkenik, %32,69k, toallatxoak eta biodegradagarriak ez diren beste elementu batzuk ez direla komunetik behera bota behar.