Josu Zubiaga Segurtasuneko sailburuordeak eta Sonia Díaz de Corcuera Trafikoko zuzendariak gaur aurkeztu dute Euskadiko ezbehar-kopuruari buruzko datuen behin-behineko balantzea. Urtea amaitzear dagoela, guztira 51 pertsona hil dira, 2018an baino 9 gehiago, eta horietatik ia % 60 kolektibo zaurgarrietakoak ziren (16 motor-gidari, 13 oinezko eta txirrindulari bat). Prentsaurreko berean ikastetxeei zuzendutako ‘Don´t be dummy! Zuk ez duzu ordezkorik’ prebentzio-programaren 2019ko balantzea ere aurkeztu dute, eta jaiegun hauetan zuhurrak izateko eta arduraz gidatzeko deia ere egin dute, “Gidatu, besterik ez” komunikazio-kanpainaren bidez.
Aurten 51 pertsona (43 gizonezko eta 8 emakumezko) hil dira Euskadiko errepideetan eta kaleetan izandako trafiko-istripuen ondorioz: horietako 36 gidariak ziren (16 motor-gidariak, 19 auto-gidariak edo beste ibilgailu batzuen gidariak eta 1 bizikleta-gidaria), 2 autoko bidaiariak eta 13 oinezkoak.
Lurralde Historikoen araberako banaketari dagokionez, 19 pertsona hil dira Gipuzkoan, 10 Araban eta 22 Bizkaian.
Bestalde, 425 pertsona zauritu larri izan dira (2018an baino 16 gutxiago).
Aurten erregistratu diren istripuen kopuruari dagokionez, aurreko urtearekin alderatuta igoera moderatua izan da. Abenduaren 26ra arte guztira 8.167 istripu erregistratu dira (2018an baino 332 gehiago).