EH Bilduko Mahai Politikoaren proposamena Pedro Sanchez PSOEko hautagaiaren inbestidura dela eta

0

EH Bilduko Mahai Politikoak honako proposamena egiten die bere oinarriei, Sanchez PSOEko hautagaiaren inbestiduraren aurrean:

Eslogan politikoaz askoz haratago doan gogoeta erakutsi du azken bi hauteskunde-kanpainetan Euskal Herria Bilduk: esaten duena egiten du eta egiten duena esaten du EH BILDUk. Bere hitza betetzen du EH BILDUk.

Bizitzea egokitu zaigun garai historiko hauetan, printzipiorik ezak, sendotasun politikorik ezak, postureoak eta “politikoki zuzenak” gero eta nabarmenagoa den sinesgarritasun-galerara eraman dute Europako ezkerraren zati handi bat. Aldi berean, erabateko sinesgarritasun-galera horrek nahi ez den eta benetan katastrofikoa den ondorioa izan du herrientzat eta langile-klaseentzat eskuin muturren eta autoritarismoaren etengabeko igoerarekin.

EH BILDUn lanean ari gara etengabeko norberaren sinesgarritasun-galerako fenomeno horrek euskal ezker independentista eraginpean har ez dezan. Sinesgarritasuna, eredua, zintzotasuna eta kolektiboaren lehentasuna, indibidualismoa lehenesten duen politika konbentzionalaren aurrean, baita jarduera politikoan ere.

Euskal Herria Bilduk ildo garbi eta koherentea mantendu du, eta horren erakusgarri izan da, besteak beste, 2017ko ekainean Espainiako Kongresuan zituen aulkiak konprometitu izana Europako alderdi ustelena Gobernutik kentzeko, Mariano Rajoy presidentearen aurkako zentsura-mozioa ahalbidetuz.

Bizi dugun koiuntura politikoan 78ko Erregimenaren krisia estrukturala da eta gure aurrean dugun Estatua inertzia historiko jakin batzuetan ainguratuta dago, inertzia horiek Estatua bera betiere izaera autoritarioko erabakiak hartzera bideratzen dutelarik. Argi eduki behar dugu hori: Erregimenaren krisiak esan nahi du eskuin muturrak eta Espainiako eskuintzarrak gidatutako irtenbide posiblea ez dela hipotesi burugabea, baizik eta, goiz edo berandu, posibilitate hori agian nagusitu egingo dela Estatu espainolean.