Umetoki-lepoko minbizia goiz detektatzeko programa berriari esker, baheketa-proba egiten duten emakumeen estaldura bikoiztu egin da

0
PRUEBA

Osakidetzak dagoeneko amaitu du Umetoki Lepoko Minbizirako Biztanleria Bahetzeko Programa abian jarri zenetik, guztira 59.830 emakumeri gutun bidez zita egin zaie osasun-zentrora proba erraz bat egiteko, umetoki-lepoko minbizia (emakumeen artean laugarren ohikoena) garatu aurretik minbiziaren aurreko lesioak detektatzearren.

Beraz, programa —Debabarrenean 2018ko ekainean hasi zen esperientzia pilotu gisa— Osakidetzako ESI guztietan garatzen ari da dagoeneko, hiru lurraldeetan. Lehen fase honetan, 25 eta 29 urte bitarteko emakumeei eman zaie lehentasuna proba egiteko gonbidapena bidaltzeko garaian, eta, pixkanaka, adin-tartea zabaltzen joango da. Hala, 2023rako, 25 eta 65 urte bitarteko Euskal Autonomia Erkidegoko xede-biztanleria osora iritsi ahal izatea espero da.

Euskal Osasun Zerbitzuak oso balantze positiboa egin du. Programa zabaldu den lehen urte eta erdi honetan, zitologia egiteko gutuna jasotzen duten bi emakumetik bat bere osasun-zentrora joatea lortu da. Horri esker, biztanleria-baheketaren programan parte hartu dutenei programa oportunistaren bidez bahetu direnak gehitzen bazaizkie, umetoki-lepoko minbizia goiz detektatzeko proba egiten den emakumeen estaldura bikoiztu egin da, % 33,8tik % 63,8ra.

Gogorarazi behar da Osakidetza duela 25 urte hasi zela herritarrei zitologia eskaintzen, baina modu oportunistan; hau da, pazientea ginekologia-kontsultara beste arrazoi batengatik joaten zela baliatuz, proba egiteko aukera planteatu zitzaion. Hala ere, formula horrek desberdintasunak eragiten zituen sarbidean (adinaren, maila sozioekonomikoaren… arabera) eta eskainitako baheketa-tartean.

Hortaz, Osasun Sailak eta Osakidetzak lehentasunezkotzat ezarri zuten osasun-sisteman prozesu antolatu eta integratu bat garatzea, ahalik eta emakume gehienengana iritsi ahal izateko, gutun bidezko zuzeneko gonbidapenaren bidez. Horrenbestez, 2018-2023 aldirako Euskal Autonomia Erkidegoko Plan Onkologikoaren helburuetako bat izan da umetoki-lepoko minbiziaren biztanleria-programa ezartzea.