Aitor Estebanek balorazio “positiboa” egin du Sánchezen diskurtsoaz, baina ohartarazi du gakoa izango dela gobernuaren eta parlamentuaren jarduna “nola zehaztu eta garatuko ote den”

0

Aitor Estebanek, Euskal Taldearen bozeramaileak, gaur azaldu du Espainiako Gobernurako presidentegai Pedro Sánchezek gaur goizean eman duen diskurtsoaz EAJ-PNVk egiten duen balorazioa “ona” dela, “lehen aldiz, Espainiako Gobernuko presidenterako hautagai batek aitortu egin duelako Estatuan nazio nortasun auzia dagoela” eta “gaiari heldu egin behar zaiola”.

Hedabideei eginiko adierazpenetan, Estebanek nabarmendu du Sánchez hautagaiak erabili egin dituela “EAJ-PNVk mantra gisa errepikatu dituen terminoak: elkarrizketa, negoziaketa eta akordioa”, gatazka politikoei irtenbidea ematera begira. “Guztiz ados nago”, baieztatu du Estebanek.

Diputatuen Kongresuko talde jeltzalearen bozeramaileak era berean baieztatu du EAJ-PNV, oinarrizko gauzetan, bat datorrela hautagaiak aipatu dituen lau jarduera ardatzekin, baina ñabardura eginez gaineratu du esparru batzuetan “zehaztasunak” egin beharko direla besteak beste Lanbide Heziketan proposatu diren erreformen kasuan edo Gizarte Segurantzari lotutako Berme Errenta sortzeko orduan.

“Kontua da Pedro Sánchezek azaldu duen gobernu jarduna nola garatzen ote den”, azpimarratu du Estebanek, “parlamentuko taldeen aldetik planteatuko diren arazoak bideratu ahal izan ditzagun”, gaineratu du. Horretara doa bideratuta, hain zuzen, iragan abenduaren 30ean EAJ-PNVren eta PSOEren artean izenpetu zuten akordioa, Aitor Estebanek “funtsezko” deitu duena. “Gobernuaren asmoak ezagutu behar ditugu Parlamentuan gauzak bideratu egin behar direlako, ez da onargarria zapalgailu gisa funtzionatzea”, esan du.

Amaitzeko, Euskal Taldearen bozeramaileak “zorte ona eta neurritasuna” opatu dizkio hautagai sozialistari “alderdi jakin batzuek egingo duten etengabeko erasoaren eta prestatzen ari diren giroaren aurrean”. Zentzu berean, Estebanek salatu du Hauteskunde-Batzorde Zentralak atzo Torra Presidentearen eta ERCko buru Oriol Junquerasen egoeraren inguruan hartu zuen erabakia, eta esan du argi eta garbi gertatu dela alderdi politikoek “erakunde judizial edo administratiboak beren asmo okerrerako” erabili dituztela.