Ane Elexpuru, Maite Zubieta, Alejandra Estefania eta Amaia Martinez Athleticeko harrobiko jokalariak deitu ditu Espainiako 17 urtez azpiko selekzioak Alemaniaren aurka jokatuko duen nazioarteko lagunartekorako. Partida urtarrilaren 16an jokatuko da Saloun, 11:00etan. Kontzentrazioan parte hartzeko astelehenean, hilak 13, deitu dituzte futbolari zuri-gorriak eta partidaren egunean bertan itzuliko dira.
Elexpuru eta “Estefa” Iraia Iturregiren aginduetara daude Reto Iberdrolako taldean baina Maite Zubietak eta Amaia Martinezek Tzibi Juaristik entrenatzen duen C taldearekin eta filialarekin txandakatu dute euren parte-hartzea aurten. Zubietak partida bat jokatu du jada Bigarren Mailan 15 urterekin eta adin bera duen Amaiak 3 partidatan parte hartu du bigarren talde zurigorriarekin.