Lanean hildakoen kopurura behera egin du Euskadin

0

2018ko igoera handiaren ondoren, berriro behera egin du lanean hildakoen kopuruak. LABen zenbaketaren arabera, iaz 44 lagun hil ziren Euskal Herrian beharrean ari zirela, 2018an baino 24 gutxiago (-%35). Berez, 42 dira Euskal Herrian hildakoak, baina sindikatuak zenbatu egin ditu lan bidaietan hildako beste bi, bata Kemperlen (Bretainia) eta bestea Tolucan (Mexiko).

Hilen kopurua azken bost urteetako txikiena da. Betiere LABen zenbaketaren arabera, 2015-2017 epean egonkorra izan zen kopurua, 53-54 hildako inguru, baina 2018an igoera nabarmena izan zuen; 68ra heldu zen.

Krisiaren aurretik, gora egin zuen lanean hildakoen kopuruak, besteak beste eraikuntzak jarduera handiko urteak izan zituelako, eta sektore horrek eragiten dituelako ezbehar gehien. 2007an, esaterako, 125 langile hil ziren beharrean ari zirela, eta 112 hurrengo urteetan.

Jarduera ekonomikoak behera egin ahala jaitsi zen hildakoen kopurua ere, eta 2013an eta 2014an 35 izan ziren. Eragile sozialak ez dira ados jartzen neurtzean jaitsiera horretan zer pisu duten prebentzio neurriek eta formakuntzak; patronalak dio jaitsierak enpresen engaiamendua erakusten duela, baina sindikatuek ez dute onartzen halakorik, eta enpresaburuek sustatutako prekaritate handiari egozten dizkiote ezbeharrak.

LABen datuek diotenez, 44 hiletatik hamabostek heriotza ez-traumatikoa izan zuten, hau da, naturaltzat jotako arrazoiengatik hil ziren. Heriotza horiek ere lanarekin lotzen dituzte sindikatuek, laneko baldintzek eraginak direla uste baitute. Beste bost langile in itinere izan ziren, hots, lanerako bidean edo lanetik etxerako bidean trafiko ezbeharra izanda.

Hamalauna hil izan ziren Bizkaian eta Nafarroan, bederatzi Gipuzkoan, bost Araban, eta bakar bat ere ez Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan.