Azken teknologiez hornitutako autoeskala erosi du Bizkaiak

0

Bizkaiko Foru Aldundiaren Prebentzio, Su Itzaltze eta Salbamendu Zerbitzuak  autoeskala berria eta modernoa eskuratu du eta Iurretako Suhiltzaile Parketik dihardu dagoeneko eskualdeko udalerriei zerbitzua emateko. Foru Aldundiak 711.480 euro inbertitu ditu ibilgailu horretan, 1992. urteaz geroztik lanean ari zena ordezkatzeko.

M32L AS ereduko autoeskala berria Alemaniako Ulm hirian kokatuta dagoen Magirus enpresak egin du; zabaldu ostean 32 metroko garaiera du eta 60 segundoko gehieneko denboran hedatzen da. Ibilgailu mota horietan eskuragarri dauden azken prestazio eta berrikuntzak ditu, hala nola: 5 lagunentzako edukiera duen saski-plataforma bat; ur-monitorea eta aginte-postu nagusitik ikusmena duen kamera saskian instalatuta, eta erorikoen aurkako lerro pertsonalak segurtatzeko segurtasun-ainguraketa guneak; saskian segurtatzeko eta atxikitzeko sistemak eta erreskaterako anda-zorro bat, 270 kilogramoko karga-ahalmena duena.

Halaber, ibilgailuaren behealdean gurutze erako 4 egonkortzaile ditu makinak lan egin behar duen tokiaren zabalera erabilgarrira egokitzen direnak eta lurrak izan ditzakeen desnibelak gorabehera eskailera orekatzea ahalbidetzen dutenak. Gainera eskaileraren azken zatia artikulatzeko eta zabaltzeko aukera du eta horri esker suhiltzaileek aukera dute suteei teilatuen atzetik erasotzeko edo eremu sakonetan salbamenduak egiteko.

Ibilgailu berriak esku hartzearen eraginkortasuna eta azkartasuna hobetzen ditu, eta segurtasun-sistema hobea du. Horrela esku hartzeak egiteko lekualdaketen denbora hobetu ahal izango da; azkarrago zirkulatu ahal izango da, ibilgailua azkarrago jarri, nibelatu eta erabili ahal izango da; lan-luzera handiagoa izango da eta, era berean, segurtasuna handiagoa izango da hala suhiltzaileentzat nola laguntza behar izan dezaketen pertsonentzat.

Azken erosketa horrekin Bizkaiko Foru Aldundiko suhiltzaileek belaunaldi desberdinetako Magirus etxeko 9 autoeskailera dituzte.