“Bihar dena emango dugu San Mamesen”

0

San Mameseko partidarako 24 ordu baino gutxiago falta direnean, Erika Vazquezek eta Angel Villacampak adierazi dute taldea erabat prest dagoela. Emakumezkoen lehen taldeko kapitainak eta entrenatzaileak prentsaurrekoa eskaini dute gaur, bihar, 12:00etatik aurrera, Primera Iberdrolaren hamabosgarren jardunaldian, Athletic Clubek FC Bartzelonaren aurka San Mamesen jokatuko duen partidaren bezperan. Hitzordu horrek txapelketaren lehen itzulia ixteko balioko du, eta giro bikaina espero da Katedralean.

Aurrelariarentzat ez da San Mameseko lehen esperientzia, bere hamaikagarren partida jokatuko baitu bertan; laugarrena San Mames berrian. “Taldea ondo dago eta une egokia da partida hau jokatzeko. Badakigu partida zaila izango dela, oso talde sendoa baitute lerro guztietan. Egun berezia izango da San Mamesen berriko jokatu ahal izango dugulako. Zelai ikaragarri batean urtea hastea opari ederra da. Oso kontzentratuta egon behar dugu, eta ondo jakin zer egin behar dugun. Partida batera  edozer gauza gerta daiteke. Pertsonalki, San Mamesen jokatzea sari gisa ikusten dut; gainera, jendeak beti erantzuten du, eta sentsazio ikusgarria da”.

Katedralean debuta egingo duena Angel Villacampa da. Zuri-gorriak liderraren aurkako neurketaren zain daude. “San Mames luxuzko eszenatokia da. Aukera hau izateagatik pribilegiatuak sentitzen gara, eta prestatuak, klubaren mailan egon nahi dugulako. Argi dago partida zaila dela, Bartzelonaren zenbakiak oso onak baitira, baina nortasun propioa izan behar dugu, eta ez utzi haiei protagonista izaten. Bihar dena atera behar dugu. Niretzat hain da partida berezia, titulu baten parekoa izango litzatekeela “.

Entrenatzaileak jokatzeko prest dauden jokalari guztiak eramango ditu Bartzelonaren aurkako partidara eta behin betiko deialdia estadioan bertan jakinaraziko du.