Bizkaiko Foru Aldundiak Malmasingo tunelak hobetu eta kontserbatzeko beste jarduketa bat egingo du aurten; izan ere, 1973. urteko azpiegitura da, eta 65.000 ibilgailu igarotzen dira egunero; hala, Bizkaiko gaitasun handiko errepideen sareko puntu kritiko bat da. Suteak itzaltzeko sistema berritzeak biltegi eta ponpaketa-estazio berri bat eraikitzea ekarriko du, tunel bakoitzaren 1.340 metroetan zehar kokatutako sute-ahoen sarea urez etengabe hornitzea bermatuko duena. Horrez gain, sei haizagailu ordeztuko dira eta tunelen sarreretako argiztapena hobetuko da.
Bizkaiko Foru Aldundiak aurreikusten du 2020ko bigarren hiruhilekoan hastea Malmasingo tuneletan (A-8 autobidean) aireztapena, argiztapena eta suteen aurkako babes-sistema hobetu eta berritzeko obrak. Hala, tunelaren barruan gorabeheraren bat gertatuz gero, erabiltzaileen segurtasuna bermatuko da.
Jarduketa nagusia izango da ur biltegi eta ponpaketa-estazio berria eraikitzea. Horiek bermatuko dute tunel bakoitzaren 1.340 metroetan zehar dagoen suteak itzaltzeko sarea etengabe hornitzea. Horretarako, Basauriko ahoan kokatutako gaur egungo hargunearen kutxatila birmoldatuko da. Montaña eraikinean kokatutako biltegi berriak 120 metro kubikoko gaitasuna izango du, eta minutuko 1.000 litro hornitu ahal izango ditu, tunelrtako segurtasunari buruzko araudiak finkatutako presio eta emariarekin. Mantentze-lanak errazte aldera, biltegia bi basotan banatuta egongo da. Bakoitzak 60 metro kubiko izango ditu, eta elkarrekiko independenteak izango dira.
Uraren horniketa eraztun forman jarritako oraingo hoditeria sistemaren bidez egingo da, tutu bietan banatutako ur-harguneak eta ekipatutako sute-ahoak hornitzeko. Horrez gain, hornidura-zirkuitua saretuko da, sutea gertatuz gero sortutako beharrizanei erantzun hobea emate aldera, araudiak ezartzen duen moduan.