Bere-Aran baserrian egingo da ekitaldia, 19:00etan hasita. Musika eta bertsoak izango dira, besteak beste.
Astigarragako Bereziartua sagardotegiak 150 urte betetzen ditu aurten, eta hori ospatzeko ekitaldi berezia prestatu dute gaurko. Bere-Aran baserrian jarri dute hitzordua, arratsaldeko 19:00etan, eta ospakizun giroa izango dela zehaztu dute; besteak beste, musika, bertsoak eta omenaldietarako unea izango dira. Horrez gain, aurtengo sagardo berria dastatzeko aukera ere emango dute, txotx denboraldiaren irekieraren aurretik.
100 eta 150 urte
Bereziartua sagardotegia 1870 urtean hasi zen ekoizten. Orduan, Ergobian zegoen egoitza zaharrean egiten zen. Mende bat geroago, ordea, 1970ean, egun Astigarragan daukan eraikinera mugitu zen sagardotegia.
Horrela, 100garren urteurrena eraikin berriarekin ospatu bazuen, oraingoa, 150garrena, lagunartean egin nahi du Bereziartua familiak. Urte hauetan guztietan «modernizazio prozesu batzuk» izan arren, «bi oinarrirekin» segi izana nabarmendu du: «familia negozioa, tradizioa errespetatuz, eta bezero fidelei errespetua eta esker ona».