Itxaso Atutxak, Bizkai Buru Batzarreko presidenteak, gaur goizean Onda Vascari eskaini dion elkarrizketan baieztatu du EAJ-PNVk azken egunotan eta bereziki PSOErekin inbestidura akordioa izenpetu duenez geroztik, agerian geratu dela “Madrilen euskal ahots bakarra EAJ-PNVrena dela; bereziki Gobernu honekin hitz egiteko ahalmena duen ahots bakarra”. Ildo beretik azaldu du Diputatuen Kongresuko Euskal Taldeko sei kideek Sánchezen alde bozkatu dutela iragan astean Andoni Ortuzarrek eta Pedro Sánchezek izenpetu zuten akordioan oinarrituta,zeinetan Euskal Agendaren garapena eta ezberdinen arteko elkarrizketa ahalbidetzea jasotzen den. “Guk dakigula, ez da EH Bilduren eta PSOEren arteko negoziaketarik eman”, nabarmendu du Atutxak, eta gogora ekarri du koalizioak hauteskundeez geroztik adierazi zuela bere jarrera inbestidurari ezetza bozkatzea izango zela, ondoren abstentzioa bozkatzea erabaki duen arren. “EH Bildu ikusten dut ERCren atzetik eta jarrera partidistarekin, baina Madrilen ez du jarrera berezi eta propioa erakutsi”, tamaldu da.
Hartara, Bizkaiko jeltzaleen buruak kritikatu du EH Bilduri errazago egiten omen zaiola halako jarrerak erabakitzea hemendik 450 kilometrora, Gasteizen baino”. BBBko buruak uste du EH Bilduk hilabeteak daramatzala Euskadin hauteskundeak buruan eta “lekuz kanpo” geratu dela “bereziki aurrekontuak Elkarrekin Podemosen babesarekin onartu direnean”, horregatik izan da “Euskadin lortzen ez duen posizio politikoa bilatzen dabilela”. “EAJ-PNVk PSOErekin akordioak adosten dituenean, zerbait gaitzesgarria omen da, baina beraiek ere ez dute arazo handirik Madrilen abstentzioa bozkatzeko edo Nafarroan María Chiviterekin akordioetara iristeko. Ez dakit taktika kontua ote den edo herrialde bakoitzean kokapena bilatzeko ote den, tokian tokiko solaskidearen arabera”, gaitzetsi du.
EAJ-PNV eta PSOEren artean izenpetu duten agiriak argi eta garbi jasotzen ditu “horrenbeste aldarrikatu eta jorratu ditugun gaiak, Euskadirentzat garrantzitsuak direnak eta Espainiako gobernuaren mende daudenak”, azaldu du Itxaso Atutxak. “Gobernu bien arteko harremanetik hasita eta dagoeneko hitzartuta zeuden akordioen betepena edo gure herriaren garapenera begira benetan garrantzitsuak ziren azpiegiturak”. Bereziki aipatu beharreko jo du bozeramaile jeltzaleak “estatuko alderdi batek ,lehen aldiz,Estatu egituraren aldarazpenen inguruko akordioetara iritsi beharra dagoela onartu izana, nazio nortasun ezberdinak aitortzetik hasita”. “Halakorik ez da sekula eman eta hori agiri batean jasotzea oso garrantzitsua da Euskadirentzat eta bere etorkizunera begira”, gaineratu du, PSOEk eta Podemosek izenpetutakoa “beteko dutela” espero duela erantsi du.
Pedro Sánchez presidenteak hitzeman duen konpromiso honek Katalunia ere jasotzen du “estatu esparruan Estatuaren egitura instituzionala aldatzeko beharraren parte gisa eta, era berean, gatazka politikoak bide politikoak konpontzeko eta politika ez judizializatzeko parte gisa”. “ERCk bere egin du `euskal bidea´ beren gatazka politikoa konpontzeko”, gaineratu du. Horregatik, harrigarri egin zaio EH Bilduk “aurrera emandako pausua” izan dela esatea “EAJ-PNVk lortu duen akordioaren laugarren puntuan jasotzen dena beraiek Autogobernu lantaldearen baitan adituek eginiko lanetan onartu ez dutenaren ildo beretik datorrela baloratu beharrean, eta horixe izan da ERCk ere onartu duena; hau da, hitzartutako ebazpenetara jotzea, akordioaren bidez, erakundeen eta alderdien arteko elkarrizketaren baitan eta bide legal eta demokratikoetatik”. Era berean azpimarratu du hitzeman dela “lege aldarazpenak bultzatzen saiatzea, akordio horiek lege marko bat izan dezaten aurrera egin ahal izateko”. “Nire aburuz Bildu une honetan Euskadin Madrilen baino urrunago dago horretatik. Ematen du errazago egiten zaiela halako gaiak Euskadin baino, Madrilen babestea”, nabarmendu du.