Oinarrien %81,4k babestu egin du abstentziorako EH Bilduren zuzendaritzak egindako proposamena

0

Bihartik aurrera Madrilgo Kongresuan Espainiako presidentea izendatzeko egingo den inbestidura saioan EH Bilduko bost diputatuek abstentzio aktiboa ematea erabaki dute ezkerreko indar subiranistako oinarriek. Galdeketa egin du EH Bilduk bere oinarrien artean urtarrilaren 2ko 00:00etatik gaurko 12:00etara, inbestidura saioan hartu beharreko jarreraren inguruan erabakitzeko. Botoa eman dutenen %81,4k egin dute EH Bilduren zuzendaritzak egindako proposamenaren alde.

Datak txarrak izan arren eta galdeketa deitzeko eta parte hartzeko denbora tarte gutxi eman den arren, handia izan da parte hartzea. 5.441 lagunek parte hartu dute, modu telematikoan egindako galdeketan (inskribatutakoen %40,1). Modu horretara, erabaki garrantzitsuak bere oinarriekin partekatzeko eta barne demokrazian sakontzeko bidean, beste urrats esanguratsu bat eman du ezkerreko indar subiranistak.

EH Bilduren Mahai Politikoak proposatutako galderari erantzun behar izan diote oinarriek:

«Ados zaude EH Bilduk Espainiako Kongresuan dituen bost diputatuek abstentzio aktiboaren bidez Pedro Sanchez PSOEko hautagaiaren inbestidura ahalbidetzearekin, Espainiako Gobernuko presidente izan eta Unidas-Podemos alderdiarekin gobernua eratu dezan?».