Meltxor, Gaspar eta Baltasarren kabalgatarik jendetsuenetakoak izan ziren Goizuetan eta Hernanin eguraldia eta igandeak lagunduta.
Hiru Errege Magoen kabalgatarik jendetsuenetakoak izan ziren atzo Hernanin eta Goizuetan. Eguraldia ederra egin zuen eta igandea izateak ere lagundu zuen. Magiak hartu zituen bi herrietako kaleak eta gauean etxeak. Aurrena, bazkalondoren, zaharren egoitzan daudenak bisitatu zituzten Hernanin eta ondoren egin zuten kale buelta, herrian zehar. Urbieta kaletik abiatu ziren, urtero bezala, eta Plazan bukatu zuten ibilbidea. Bertan, Meltxor, Gaspar eta Baltasar Erregei azken eskaerak egiteko aukera izan zen. Umeak opariz blai utzi ditu Errege gauak atzoko kabalgatako goxokiak dastatu eta gero. Gaurko familia bazkariek eta errege opilek emango diete ospakizunei agur.