Jaka eta Zabaletak errespetua eskatzen dute

0

Jokatu dute jada Binakako Txapelketaren aurreneko ligaxkako lehen itzulia. Hilabete eta erdiko lehia izan da, zazpi jardunaldi eta 28 partida. Hona, orain arteko jardunak emandako zenbait gako.

Salbuespenak salbuespen, txapelketa nahiko parekatua izaten ari da. Galtzaileek hamasei tanto egin dituzte partidako, azken binanakoan baino bi gehiago. Hain zuzen, 22-16koa izan da gehien eman den emaitza, bostetan. Ez da egon alde handiko neurketa askorik: bost aldiz baino ez dira geratu galtzaileak hamar tanto egin gabe. Aldiz, zazpi bider egon da bi tanto edo gutxiagoren aldea.

Iraupenari eta pilotakadei dagokienez, lehen jardunaldian izan ziren neurketarik lehiatuena eta desorekatuena. Iruñean, Olaizola II.a-Urrutikoetxeak Bengoetxea VI.a-Aretxabaletari 22-21 irabazitakoa izan da luzeena eta borrokatuena: ia ehun minutu, eta 937 pilotakada. Aldiz, egun bat geroago, Bergaran (Gipuzkoa), Jaka-Zabaletak Irribarria-Rezustari 22-5 irabazitakoa izan da laburrena eta desorekatuena: 40 minutu eskas, eta 368 pilotakada baino ez.