“Derbi bat da, dena emango dugu”

0

Gaizka Garitanok prentsaurrekoa eman du Lezamako prentsa aretoan, LaLigako 23. jardunaldiko derbiaren aurreko azken entrenamenduari aurre egin aurretik. Athletic Clubeko entrenatzaileak, Errege Kopan Bartzelonaren aurka lortutako emaitza “gure filosofia indartzen duen garaipena” dela adierazi du eta biharko norgehiagokak duen garrantzia azpimarratu du, liga “lehentasuna” delako zuri-gorrientzat: “Biharkoa derbi bat da eta dena emango dugu. Hiru egunetik behin ari gara jokatzen eta hori seinale ona da, Kopan kanporaketak igarotzen goazela esan nahi du. Ez dugu kexarik, ezta aitzakiarik ere, hala ere. Han irabazten saiatuko gara“.

Zuri-gorrien entrenatzaileak Yuriren baja aurreratu du “aduktorean duen kontraktura” dela eta. Gainera, zenbait jokalariren minutu-karga dela eta taldean izan daitezkeen aldaketen inguruan galdetuta, ziur eta lasai agertu da bere jokalarien artean dituen aukerak kontuan hartuta: “Taldeko jokalari guztiengan konfiantza dut. Berdin du bata edo bestea jokatzen badu, konfiantza osoa dut guztiongan. Ez dugu arazorik horrekin“.

Aurkariari dagokionez, Garitanok Reala denboraldi honetan egiten ari den lan ona goraipatu du, eta badaki zein zaila izango den neurketa bi taldeentzat: “Oso jokalari onak dituzte. Talde gisa ondo funtzionatzen dute eta jokalariak bakarka hartuz ondo ari dira ere. Partida ona egiten saiatu beharko dugu eta gure jokoa inposatu beharko dugu. Bi taldeak irabazten saiatuko gara, eta irabazten badugu golen diferentziagatik aurrea hartuko diegu sailkapenean“.

Azkenik, eta Reale Arenan bihar giro ona sor dadin, kiroltasunari eta bi taldeen jarraitzaileen arteko errespetuari dei egin dio Derioko entrenatzaileak: “Zelaian lehia handia egon dadila eta onena irabaz dezala baina giro ona egon dadila harmailetan eta zaleen artean, hori da garrantzitsuena“.