“Irabaztera joan gara eta alde egin digu partidak”

0
PRUEBA

“Lan ona egin dugu. Agertokia, azken asteetako nekea eta ditugun bajak ikusita, taldeak ondo erantzun du. Berdinketa lortu dugu, eta ondoen geundenean eta garaipenaren bila ari ginenean, Realaren bigarrena iritsi da. Pena bat, taldeak izugarrizko lana egin baitu”. Gaizka Garitano pozik agertu da bere taldeak talde txuri-urdinaren aurka egindako lanarekin, baina porrotarekin “izorratuta” daudela onartu du: “Denbora asko daramagu ligan irabazi gabe, eta, jakina, ez da gure gustukoa”.

Taldeak amaierara arte garaipena bilatu duela defendatu du entrenatzaile zuri-gorriak: “Zaila da Realari eustea. Goian oso jokalari azkarrak eta kalitate handikoak dituzte, eta tarterik uzten badiezu partida erabakitzen dute. Lehen zatian oso batuta aritu gara, eta bigarrenean gora egin dugu. Williamsen golaren ondoren, bigarrena bilatu dugu, eta hori partidak alde egin digu horrela”.

Hurrengo neurketei buruz galdetuta, Garitanok honakoa esan du: “Datorren astean bi partida zail eta oso garrantzitsu jokatuko ditugu. Ez asteazkenekoa bakarrik, igandean Osasunaren aurka jokatu beharreko partida ere oso garrantzitsua da guretzat. Denbora asko daramagu ligan irabazi gabe. Kopan poz asko ematen ari gara, baina horrek Ligarako jokalariak galtzea eta puntuak galtzea suposatzen du batzuetan”.