Bigarrenez ama izan eta hilabete gutxira sumatu zituen Ainhoa Jauregi hernaniarrak halako koskor batzuk besazpian. Lepoan atera zitzaizkion gero. 2017ko udaberrirako Hodgkin linfoma izeneko minbizia diagnostikatu zioten.
Gaixotasuna gaindituta, bizitako esperientzia biltzen duen liburua argitaratu du orain: ‘Parte de mi. Vivencias personales en mi lucha contra el linfoma de Hodgkin’.
Emakume eta ama paperetik idatzi duela azaldu du. «Nire kontakizunarekin ez dut tristurarik eragin nahi, ezta inorentzako eredu izan ere. Hodgkin linfomaren aurkako nire borrokan bizitakoa erakutsi besterik ez dut egin nahi, beste ikuspuntu batetik: emakume eta amarenetik».
Hasierako urduritasuna eta sentitutako noraeza aipatzen ditu liburuan, eta, era berean, inguruan izandako hainbat pertsonaren laguntza eta babesa. Baina baita erruduntasun sentimendua ere, «minbizia edukitzeagatik, seme-alabekin ez egoteagatik, ingurukoei lan karga eragiteagatik…».
Oraingoz liburua formato elektronikoan eskuratu daiteke, Amazon atarian.