Premier League International Cupen balantzea

0

Athletic Clubek Premier League International Cup ospetsuaren seigarren edizioan parte hartu du denboraldi honetan; txapelketa hau bost urte baino gehiago daramatza Europa osoko harrobi onenak elkartzen. Lehiaketa horrek klubei etxeko errutinatik ateratzen laguntzen die, baita beste ligetako aurkari ez hain ezagunen aurrean lehiatzen ere, eta horrek esperientzia hartzen laguntzen die.

Joseba Etxeberriak entrenatzaile lanak egin ditu Ingalaterran jokatutako hiru partidetan: “Esperientzia handia izan da -nabarmendu du Bilbao Athleticeko entrenatzaileak-. Hurrengo fasera pasatu ezin izan arren, nor baino nor lehiatu gara hiru partidatan, eta horri esker, filialean gutxiago parte hartzen ari ziren jokalariak ikusi ahal izan ditugu, baita Basconiako mutilak ere. Harrobi garrantzitsuen aurka lehiatu gara, maila handiko jokalarien aurka, nazioarteko selekzioetan lehiatzen diren askoren aurka. Sentsazio berriak dira, futbolarien hazkundeari beti laguntzen diotenak, eta hileko asteazkena denez, asteko dinamikan ere ez digu asko eragin”.

E Multzoan sartuta, Athletic Clubek urriaren 30ean egin zuen debuta Aldershoteko Recreation Ground zelaian, eta 0-1 galdu zuen Paris Saint Germainen aurka, Alexandre Fressangek lortutako gol baten ondorioz. Azaroaren 27an Wolverhampton Wanderers aurreratu zen Benny Ashley-Sealen bitartez, baina atsedenaldiaren ostean Gorka Guruzetaren golak 1-1ekoa ezarri zuen St. George’s Parken, Burton-upon-Trenten. Eta joan den asteazkenean The Academy Athletic Clubek Liverpool FC taldearen aurka jokatu zuen partida bikain baten lekuko izan zen, atsedenaldian 0-2 gailendu baitzitzaion Iñigo Baqueren bi golei esker; hala ere, Jack Bearnek partida bukatzeko hamar minutu baino gutxiagora egindako golak Etxeberriaren taldea kanporatu zuen.

Bilbao Athleticeko eta CD Basconiako 27 jokalari deitu dituzte 23 urtez azpikoen mailako txapelketa honetara: Ander Iruarrizaga, Julen Agirrezabala, Jesus Areso, Julen Bernaola, Daniel Vivian, Oier Luengo, Javier Murua, Aitor Paredes, Alvaro Nuñez, Ander Lorente, Jon Rojo, Imanol Garcia de Albeniz, Unai Vencedor, Iñigo Baque, Victor San Bartolome, Antonio Jesus Salado, Oier Zarraga, Beñat Prados, Unai Naveira, Juan Artola, Jon Morcillo, Asier Cordoba, Jon Guruzeta, Gorka Guruzeta, Andoni Tascon, Ewan Urain eta Jon Cabo.