Zerga-iruzurraren aurka Borrokatzeko 2020ko Plana onetsi du Bizkaiak

0

Ogasuneko Zuzendaritza Nagusiak Zerga-iruzurraren aurka Borrokatzeko Bizkaiko Foru Aldundiaren Planaren irizpide orokorrak ezarri ditu 2020rako. Hain zuzen ere, agiri horrek gidatuko du Foru Ogasuneko ikuskapen-zerbitzuen, zerga-bilketako zerbitzuen eta zergadunaren laguntzarako zerbitzuen ekitaldi honetako jardunbidea. Ogasun eta Finantzen diputatuak, José María Iruarrizagak, azpimarratu du plan horrek oinarri teknologiko nabaria duela; izan ere, azken urteotan egindako garapen informatikoari esker, datu-analisiaren zientzia eta teknologia berriak aplikatu ditzakegu iruzurra antzemateko, prebenitzeko eta erregularizatzeko.  Planean aurreikusitako jarduketak hiru eremutan banatuta daude, aurreko beste plan batzuetako katalogazioari jarraiki: informazioa eskuratzea, prebentzioa eta erregularizazioa eta kobrantza.

Prebentziorako jarduketei dagokienez, Foru Ogasunak martxan jarriko dituen bi proiektu handi azpimarratu ditu Iruarrizagak: Batuz eta Errenta 2020. Bietan ere araudia onesteko eta beharrezkoak diren garapen informatikoak amaitzeko aurten eman beharreko pausuak jaso dira.  Era berean, errenta-aitorpenerako eredu berriari dagokionez, zeinaren bitartez PFEZaren zergadun guztiei Rentaetxean zerbitzuaren bidez gaur egun eskaintzen den laguntza bera eskainiko zaien, Iruarrizagak adierazi du zergadunen eskura jarriko diren zerbitzuak definituko direla 2020an, horrela, inork ere ez dezan aitorpena aurkezteko zailtasunik izan. Horrez gain, diputatuak aurreratu du datozen hilabeteotan Ogasunak bak gakoa identifikazio digitalerako metodo gisa eskuratzeko aukera emango diela zergadunei, hala nahi izanez gero, errenta-aitorpena aurkezteko edo euskal administrazioekin bestelako kudeaketak egiteko erabil dezaten.