Sierrak puntu bat erreskatatu du azken unean

0

Levanteren aurka 94. minutuan sartutako gol batek talde osoak egindako lan bikaina saritu du; bigarren zatian nagusi izan dira zuri-gorriak

Bigarren itzulia hasi da eta Athleticek 1-1 berdindu du Levanteren aurka. Landutako berdinketa Angel Villacamparen taldearentzat. Levantek lehoiak baino hobeto jokatu du neurketako lehen minutuetan. Rociok eman du lehen abisua, eta 13. minutuan Marta Correderaren erdiraketa pozoitu batek aurretik jarri ditu markagailuan aurkariak.

Konfiantza hartu dute Maria Pryren jokalariek, eta trantsizio azkarrekin eraman dute arriskua Andrea De la Navak defendatutako ate ingurura. Maite Orozek izan du lehen zatiko aukerarik onena zuri-gorrientzat, baina area kanpotik egindako jaurtiketak langa jo du. Zornozak baloia De la Navaren langara bidaliz erantzun du.

Bigarren zatian, Athleticek erritmoa handitu du eta Lucia Garciak aukera ona izan du eskuin hegaletik egin duen lehen jokaldian. Zuri-gorriek sakatu eta estutasunean jarri dute talde granota. Villacamparen neskek hartu dute partidaren protagonismoa, aurkaria neutralizatzen jakin dute eta pazientziaz Maria Pryren taldea bere zelaian giltzapetu dute.

Azken txanpan, zurigorriek dena eman dute berdinketaren bila. Luzapeneko denbora ia beteta zegoela, Maite Orozek korner bat atera du eta Andrea Sierrak, azken errematera igota, aldaratzearekin asmatu eta Paralutaren atea fusilatu du, Lezaman puntu on bat erreskatatzeko. Merezitako amaiera berregiten jakin duen talde zuri-gorriarentzat.