‘3,2,1,0… hondakin’ kanpaina ikastetxeetara iritsi da

0

‘3,2,1,0… hondakin’ deritzon kanpaina gaur iritsi da Zallako Mimetiz Eskolara; eskola hori izan da Lehen Hezkuntzako ikasleak gizartean sortzen dugun hondakin kopurua murrizteko beharraz sentsibilizatzeko jarduerak eta tailerrak egingo diren lehen ikastetxea. Bizkaiko Foru Aldundiak bultzatzen duen kanpaina honen helburu nagusia, hain zuzen ere, ikasleengan kontzientzia piztea da; izan ere, beharrezkoa da ohiturak aldatzea, hondakinen sorrera murrizteko, eta tresna pertsonalak eskaintzea, ikasleek berrerabilpenaren eta birziklapenaren beharra ere barnera ditzaten, hondakinen murrizketa horretan laguntzeko modu gisa.

Helburu hori erdieste aldera, jarduera errazak egingo dira, ikasleek eguneroko objektuekin dituzten harremanak eta kontsumo-ohiturak beste modu batera uler ditzaten. Tailer horiek maiatzaren 31ra arte izango dira ikastetxeetan, eta tailer bakoitzean irakaste-aste oso bat izango dute, ordubeteko lanaldiekin, hasierakoa izan ezik, orduan bi orduz egingo baita jarduera.

Lehenengo jardunaldi honetan, astelehenekoan, aurreko astean ikastetxeko jolastokian sortu zuten hondakin kopurua erakutsiko zaie ikasleei, hondakinak murriztu beharrari buruzko hausnarketaren hasierako puntu gisa; jarduera hori begirale batek zuzenduko du. Halaber, jarduera horretarako berariaz prestatutako bideo bat proiektatuko da, gai horretan sakontzeko eta eztabaida abiarazteko balioko duena, hondakinen kudeaketaren beste alderdi batzuk ere, oro har, eta, bereziki, Bizkaikoak, jorratuko dituena. Lehen egun horretan, sortzen dituzten hondakinen zerrenda egiteko eskatuko zaie ikasleei, eta hondakinak saihesteko beste aukera bat proposatzeko ere galdegingo zaie. Zerrenda hori aste osoan zehar landuko da, eta ikastetxeko leku ikusgarri batean erakutsiko da ostiralean, tailerretan parte hartzen duten taldeek beren gogoetak ikastetxeko gainerako ikasleekin parteka ditzaten. Eta, azkenik, kanpaina hau ikastetxean garatzen ari den astean gutxienez, jolastokian sortzen den hondakin kopurua murrizteko erronka ere proposatuko da.

Asteartetik ostegunera, hainbat tailer egingo dira, objektuei bizitza erabilgarri berri bat emateko helburuarekin, parte hartzen duten ikasleek hondakinen problema pertsona guztiei berdin eragiten dien eta denok ukitzen gaituen arazoa dela barnera dezaten.

Azken jardunaldian, ostiralekoan, ikastetxeko jolastokian hondakinak murrizteko erronka ebaluatuko da; horrezaz gainera, sortzen diren hondakinen aste osoko zerrenda eta alternatibak azalduko dira, eta kontzertu bat emango da, azkenik, hondakinez egindako tresnekin.

Ikastetxeetan egingo den kanpaina honi buruzko informazio osoa irakasleen eskura dago Bizkaiko hondakinen kudeaketaz arduratzen den Garbiker foru sozietate publikoaren webgunean (http://garbiker.bizkaia.eus/eu/tailer-didaktikoak).