BBKk eta Bizkaiko Foru Aldundiak Bizkaia BBK Programaren beste deialdi bat egin dute

0

Unibertsitate-titulua duten gazteek prestakuntza espezializatua egin ahal izango dute nazioarteko erreferentziazko zentroetan eta, ondoren, lan-kontratu batekin sartuko dira programan parte hartzen duten Bizkaiko punta-puntako enpresetako batean

BBKk eta Bizkaiko Foru Aldundiak Bizkaiko talentua sustatzeko apustua egiten jarraitzen dute Bizkaia BBK Programaren deialdi berri bat abiaraziz. Deialdi hori graduko unibertsitate-titulua duten 30 edo 35 urtetik beherako (hautatutako graduondokoaren arabera) eta Bizkaian bizi diren gazteei zuzenduta dago.

Programaren helburua lurraldeko talentuari bultzada berria ematea eta lurraldeko ekonomiaren sektore estrategikoetan kualifikatutako profesionalen prestakuntza espezializatuari laguntzea da: big data, energia, aeronautika, hub finantzarioa eta automozioa.

Hasierako zuzkidura ekonomikoa 170.000 eurokoa da, eta baliteke zenbateko hori handitzea, aurkeztutako hautagaien eta Bizkaia BBK Programaren baliabideen arabera. Era berean, ahalik eta hautagaitza gehien lagunduko dira, unibertsitateek eta enpresek onartuko dituzten deialdiaren onuradunek hautatutako prestakuntzaren kostuaren arabera. Programak matrikulazio-gastuak, hegazkin-txartelak, ostatua, mantenua eta gerta daitezkeen bestelako gastuak estaltzen ditu, deialdian ezarritako baremoen arabera.

Bizkaia BBK Programa bi fasetan banatzen da, denbora-tarte eta prestakuntza-ezaugarri bereiziekin:

  •  1. fasea. Prestakuntza espezializatua nazioarteko erreferentziazko zentroetan.Programaren hasierako fase honetan, hautatutako hautagaiek graduondoko bat egingo dute ardatz estrategiko bakoitzari esleitutako nazioarteko erreferentziazko -zentroetan. Prestakuntzaren helburua sektore horretako enpresa liderrek identifikatutako erronkei erantzungo dieten arlo espezifikoen ezagutzan sakontzea izango da, eta 12, 18 edo 24 hilabeteko iraupena izango du.
  •  2. fasea. Bizkaiko enpresetan laneratzea. Fase honetan, hautagaia Bizkaiko trakzio-enpresa batean sartuko da, prestakuntza egin duen lehentasunezko eremuan eta dagokion titulua lortu ondoren. Kontratuak iraupen jakin bat izango du, gehienez 2 urtekoa izango dena; lanaldi osokoa izango da eta enpresak goi-tituludun bati eskainitako lan-baldintzen parekoak izango ditu.

Eskabideak egiteko epea 2020ko martxoaren 13an amaituko da eta programaren azken ebazpena 2020ko maiatza-ekainean argitaratuko da. Hautagaiak www.bizkaiabbk.eus webgunean erregistratu beharko dira, eta eskuragarri dagoen eskabide-inprimakia bete.