Bilbao Athleticek bigarren itzulia hasiko du Lezaman

0

Lezamak Bilbao Athletic eta Club Haro Deportivoren arteko neurketa hartuko du bihar (18:00etan, 2. zelaian), Bigarren B Mailako II. multzoko 20. jardunaldian. Partida hau ezin izan zen jokatu joan den asteburuan Errioxako taldeak Osasunaren aurka Kopan jokatu zuelako.

Bilbao Athleticek bi garaipen jarraian lortu ditu, Real Sociedad B eta Deportivo Alaves B taldeen aurka, eta igoerarako play off postuetan sartu da berriro: Hirugarrena, 36 punturekin, lehen itzulian hamaika garaipen, hiru berdinketa eta bost porrotekin amaitu ostean.

Joaneko partidan, galtzen hasi arren, gure taldeak markagailua irauli zuen eta 1-4 nagusitu zen amaieran, Morcillok (bi), Tasconek eta Vivianek erdietsitako golei esker.

Haro Deportivok, bestalde, gauzak zail jarri zizkion Osasunari pasa den larunbateko Kopako partidan. Mikel Buenoren golari esker markagailuan aurrea hartu arren, Nacho Vidalek 75. minutuan eta Chimy Avilak 89.ean egindako golek 1-2 ipini zuten markagailuan eta CD Haro Deportivoko ametsa eten zuten El Mazon.

Burua jada Ligan jarrita, Aitor Calleren taldea Lezamako partidara iritsiko da hiru jardunaldi jarraian garaipenik ezagutu gabe, Getxon eta Irunen galdu eta gero eta etxean SD Amorebietaren aurka berdindu ondoren; 23 punturekin, CD Haro Deportivo sailkapeneko 12. postuan dago.