Aginagalde eta Goñi, Europako txapeldunak dira eskubaloian

0

Julen Aginagalde gipuzkoarrak eta Iosu Goñi nafarrak Europako eskubaloi txapelketa irabazi dute, Espainiako selekzioarekin, Kroazia finalean 22 eta 20 gaindituta. Horrez gain, Espainiak Tokioko Joko Olinpikoetarako sailkatzea lortu du.

Aginagalderen eta Goñiren taldeak sufritzen jakin du partida oso lehiatu batean, eta atsedenaldirako 12 eta 11 izan dira aurretik. Bigarrenean, Jordi Riberaren taldeak ondo eutsi dio urduritasunari momenturik garrantzitsuenean garaipena lortzeko bi goleko aldearekin.

Seigarren finala izan da Espainiarentzat. Duela bi urte Zagreben jokatutakoa irabazi zuen. Espainiarekin batera, Suedia da Europako txapelketa behin baino gehiagotan irabazi duen talde bakarra. Suediarrak hiru aldiz izan dira txapeldun 1998an, 2000n eta 2002an.