Bizkaiko Foru Aldundiak Arrolako kastroan garatutako berreraikitze birtualari buruz interesa erakutsi du Gipuzkoak

0

Bizkaiko Foru Aldundiak Arrolako (Arratzu) aztarnategia islatzeko egin duen berreraikitze birtualak interesa piztu du Gipuzkoako Aldundian eta Azkoitiko Udalean. Aldundi eta udal gipuzkoarrek bizkaitar aztarnategia bisitatu dute, Bizkaiko Foru Aldundiko ordezkari eta adituekin batera, Arrolan martxan jarritako lan tekniko eta teknologikoa ezagutzeko helburuz.

Azken urteetan zehar, Bizkaiko Foru Aldundiak, monumentuaren aurreko indusketa arkeologikoetan eta zientifikoki zaharberritzeko lanetan egindako ikerketan oinarrituta, Urdaibaiko ibilbide historikoen programa bat sortu du. Hala, aldundiak Arrolako Oppidumaren aurriak bistaratzea ahalbidetzen duen errealitate areagotuko sistema bat sortu du. Kastro edo herrixka berezi horretan batzen zen ekialdeko Kantauri aldeko biztanleria II. Burdin Aroko azken etapan eta erromatar garaiaren hasieran.

Orain, Gipuzkoako Aldundiak eta Azkoitiko Udalak bisita teknikoa egin dute Arratzun azken hamarkadan egin den ikerketa-prozesua ezagutzeko, bai eta Arrolako Oppidumaren aurrietan oinarrituta garatu den lan teknologikoa ere.

Arratzuko aztarnen jabea den Bizkaiko Foru Aldundiak errealitate birtualeko erreminta jarri zuen martxan «Urdaibaiko ibilbide historikoak» programaren baitan. Lurraldeko kokapen arkeologikoetara bisita gidatuak egitean datza programa hori. Bisitariek iraganera bidaiatzen dute tableta baten bidez, eta K.a. IVko aztarnategiaren errekreazioa ikus dezakete.

Kastroaren aireko irudien gaineko fotogrametria-teknikekin garatutako aplikazioak kastroa hiru dimentsiotan berreraikitzen du, testura errealistekin eta 360 graduko argazkiekin. Hala, bisitan zehar ikus daitezkeen aztarnek are zentzu handiagoa hartzen dute, duela milaka urte lekua nolakoa zen ikus daiteke eta. Berreraikitze birtualak Bizkaiko historia- eta kultura-ondarea are gehiago gerturatzen dizkie herritarrei.

Sortu den aplikazioak bisitariei ahalbidetuko die tableta motako gailu mugikorren bidez ezagutzea nolakoa zen jatorrian kastroa. Horretarako, errealitatea eta berreraikitze birtuala uztartzen dituzten teknikak erabiltzen dira. Horrez gain, oraingo kastroaren aireko bideoez gozatu ahal izango da, bai eta bertan bizi zirenen etxebizitza zahar baten berreraikitze errealaren 360 graduko argazki batez ere. Hori guztia modu intuitibo eta sinplean. Bisitan sei puntu gako aukeratu dira, eta horietatik bizi ahal izango dira esperientzia berri horiek. Hala, tabletean botoi bat sakatze hutsarekin, kastroak duela 2.300 urte zuen itxura berreskuratuko du.

Aztarnategi arkeologikoaren jabea Bizkaiko Foru Aldundia da; oin-plano luzangako gotorlekua da, Gernikako ibarreko eskuinaldeko Gastiburu gailur-lerroan dagoen Arrola tontorraren gain osoa hartzen duena, gaur egungo Arratzu, Nabarniz eta Mendatako udalerrietan, Bizkaiko lurralde historikoan.

«Ibilbide historikoek», gainera, beste kokapen batzuetarako bisitak ere hartzen ditu barne; esate baterako, Urdaibai (uztailean eta abuztuan) eta Zin-bidea. Bisita gidatuak daude euskaraz nahiz gaztelaniaz. Talde txikiak izango dira, eta bertaratu nahi dutenek lekua erreserbatu behar dute 634 243 762 telefono-zenbakian edo honako helbide elektroniko honen bidez: arrolagune@visiturdaibai.com.