“Oso txapelketa garrantzitsua da guretzat. Partida bakarrera jokatzen denez ezin dugu hutsik egin. Ezin dugu egun txarrik izan, seriotasun osoz hartu behar dugu neurketa. Ez naiz inortaz fidatzen. Gure betebeharra irabaztea da, goi mailako taldea gara“. Gaizka Garitanok prentsa agerraldia egin du gaur arratsaldean Lezaman, Elxeko Martinez Valero zelaian jokatuko duten Errege Kopako lehen kanporaketaren bezperan.
CF Intercity taldeari buruz galdetuta, zuhurtzia eskatu du entrenatzaileak: “Maila gorenetan aritu diren jokalari profesionalak dituzte eta horietako batzuk aurrez aurre izan ditut, Peña edo David Torres, esaterako. Duela bi urte ikasi genuen Formenteraren aurka: partida bikoitzera jokatuta ere, Athletic kanpoan geratu zen. Aurrekari hori oso presente eduki behar dugu“.
Aurtengo denboraldian estreinatuko den Errege Koparen formatu berria laudatu du Garitanok: “Asko gustatzen zait, lehia politagoa da horrela, Ingalaterrako formatuarekin. Partidak hil ala bizikoak dira eta talde txikiei aukera ematen die“. Azkenik, aldaketaren bat egingo duela esan arren, bihar zelairatuko duen Athletic “talde ezaguna” izango dela aitortu du Garitanok: “Atseden egun nahikoak daude igandera arte“.