Martxan da Arabako kuadrilen arteko bertso txapelketa

0

Larunbatean aurkeztu zen Aramaion Arabako Kuadrilla Arteko Txapelketa. Iaz banakakoa jokatu ondoren, bi urteko zikloa jarraitzera dator taldekako egitasmo hau. 2010eko Arabako Bertso Kuadrilla Arteko Txapelketa mugarri bat izan zen Arabako bertsolaritzarentzat. Ordutik hona, bi urtean behin taldekako ekimen hau antolatu da, aurten seigarren edizioa izango delarik.

2018ko bideari eutsita Txapelketa formatua izango du aurtengoak ere eta orain arteko bidean sakontzea izango du xede: Arabako bertsolaritzak  urteetan eraikitzen joan den mugimendua saretu eta indartzeko.

Taldeka parte hartzen da Txapelketa honetan eta bi modalitatetan: bat-batekoan eta idatzizkoan.

Bat-batekoari dagokionez, 12 talde osatu dira. 3-6 bertsolari arituko dira kantuan eta horiekin batera, gai-jartzaileak, epaileak, argazkilariak, grabatzaileak eta sukaldariak. Guztira 9-12 laguneko taldeek parte hartzen dute. Taldeak antolatzaile ere badira, bere herrian edo eskualdean saioak antolatzeaz arduratu dira eta. Aurten, guztira, 63 lagun ariko dira bertsotan, 16 epaile lanetan, 16 lagun gai-jartzaile beharretan, eta gainerakoak bestelako funtzioetan, hala nola, kronista, argazkilari, sukaldari, musikari. Hurrengo eskualdeek parte hartuko dute: Aiaraldea, Mendialdea, Lautada (bi talde), Gorbeialdea (hiru talde) eta Gasteiz (bost talde).