Galdakaoko etxebizitza batean marihuana-plantazio bat aurkitu ondoren atxilotu dituzte

0

Ertzainek 38 urteko gizonezko bat eta 31 urteko emakumezko bat atxilotu zituzten atzo, ostirala, goizaldean, euren etxean marihuana plantazio bat aurkitu ondoren. Agenteek mila landaretik gora atzeman zituzten. Ertzainek etxea ikuskatzen ari zirela aurkitu zuten plantazioa, bikoteak salatu baitzuen gau horretan indarkeria erabiliz lapurreta egin ziotela.

Ostiral goizaldeko ordu biak aldera, bikote bat Ertzaintzarekin harremanetan jarri zen, Galdakaoko bere etxebizitzan lapurreta egin berri ziotela esanez. Dirudienez, lau gizonezko sartu ziren etxean, eta biei eskuak lotu ondoren, dirua eta beste hainbat gauza lapurtuta alde egin zuten.

Galdakaoko Ertzain-etxeko agenteak joan ziren adierazitako etxebizitzara, eta etxea begiz ikuskatzen hasi zirenean gela batean marihuana plantazio bat aurkitu zuten, landareei hazten laguntzeko argi eta bero lanparak eta aireztapen-sistema eta guzti. Guztira garapen-fase ezberdinetan zeuden mila bat landare erretiratu zituzten.

Horren aurrean, atxilotu egin zituzten bi susmagarriak, 31 urteko emakumezko bat eta 38 urteko gizonezko bat, osasun publikoaren aurkako delitu bat leporatuta, eta polizia-egoitzara eraman zituzten.

Agenteek arrastatuetako batek Basaurin duen lonja bat ere ikuskatu zuten begiz, eta bertan ere hauts zuri baten (seguru asko speeda) kopuru esanguratsua, hainbat pastilla eta haxix zatiak aurkitu zituzten, trafikatzaileek erabili ohi dituzten beste hainbat objekturekin batera, hala nola, doitasun-balantzak, itxiera hermetikoa duten poltsak?

Bi arrastatuak gaur, larunbata, arratsaldeko lehenengo orduan eraman dituzte epailearengana, dagozkion eginbideak amaitu ondoren.

Ertzaintzak zabalik du ikerketa gau horretan jasan zuten lapurretaren inguruabarrak argitzeko eta lapurrak identifikatu ahal izateko.