Iberdrola-Museoa 2019 Programa

0

Kontserbazio eta Zaharberritze Programaren aurkezpena

Iberdrola museoaren patronoa da 2001etik; ordutik, museoaren funtsezko misioetako batean laguntzen du: bertako artelanen bilduma kontserbatzea. Helburu horrekin, Iberdrola-Museoa kontserbazio eta zaharberritze programaren bitartez, 2013. urtetik, zaintza behar duten obrak aukeratzen dira urtero bildumatik. Gainera, 2019an, ekintza-ildo berria gehitu zen, aldi baterako erakusketetan parte hartzen duten obrei dagokienez. Modu horretan, Ignacio Zuloaga 1870-1945 erakusketatik marrazki bat eta 22 olio tratatu ziren, besteak beste, bildumako maisulanetako bat: Mathieu de Noailles kondesaren erretratua (1913). Isabel Baquedano. Edertasunaz eta sakratuaz erakusketatik, paper gaineko 34 obra eta 95 pintura, museoak berriki eskuratutako Izenbururik gabe (c.1972) barne hartuta. Azkenik, Joos van Cleveren Deikundearen triptikoa lanaren azpian datzan irudiaren azterketa ere egin zen; izan ere, Santo Domingo de la Calzadako (Errioxa) katedralak museoari laga zion, Obra Gonbidatuaren programan parte hartzeko.

Orain lehen aldiz aurkeztuko diren bildumako obren artean, Mamerto Seguirena nabarmentzen da; 2018an eskuratu zen, eta, horri esker, artista bilbotarra museoaren bildumara gehitu ahal izan da, bere obra nagusietako baten eskutik. Regoyosen ordezkaritza ere handitu da, 2019an dohaintzan jasotako paisaiari esker. Azkenik, Roberto Laplazak XIX. mendearen erdialdean egindako 24 marrazki, horiekin amaitu da 2014. urtean Iberdrola-Museoa programarekin abiarazitako 112 artelaneko multzoaren zaharberritzea.

Erakusketan agertzen diren ordenaren arabera, zaharberritutako obrak hauek dira: Margolariaren emaztearen eta Ricardo semearen erretratua (c. 1918), Ricard Canals; Izenbururik gabe (c. 1972), Isabel Baquedano; Mathieu de Noailles kondesaren erretratua (1913), Ignacio Zuloaga; Job eta bere seme-alabak (c. 1650), Domenico Piola; Burdina, pilaketak (c. 1900), Darío de Regoyos; XIX. mendearen erdialdeko 38 marrazki, Roberto Laplaza, zeintzuen aukeraketa zaindu bat dagoen ikusgai; Zamakola eskribauei diktatzen (1881), Mamerto Segui; Stéphane Mallarméren erretratua (1891), Paul Gauguin; Musikariak (c. 1620-1623), Pieter Fransz de Grebber; eta Tangerreko zokoa (c. 1912), Francisco Iturrino.

Ezarritako tratamenduek –materia piktorikoa eta euskarriak egonkortzea, azaleko geruzak tratatzea, berrintegrazio kromatikoa eta muntaketa– nabarmen hobetu dute obren kontserbazio egoera. Gainera, analisi teknikoek –azpian datzan marrazkiaren azterketa, erreflektografia infragorriaren, erradiografikoaren eta argi ultramorearen bitartez– oso informazio baliotsua eman dute, esku hartzeko proposamenak zehazteko eta obren eta artisten ezagutzan sakontzeko.