Eusko Jaurlaritzako bozeramaile eta Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburu Josu Erkoreka Gobernu Kontseiluaren ondorengo ohiko prentsaurrekoan agertu da.
Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak jakinarazi duenez, Gobernu Kontseiluak Konstituzio Auzitegian errekurtso bat jartzea erabaki du, «urriaren 31ko 14/2019 Errege Lege Dekretua («Dekretu Digitala») –horren bidez, segurtasun publikoko arrazoiengatik premiazko neurriak hartzen dira administrazio digitalaren, sektore publikoko kontratazioaren eta telekomunikazioen arloan–” dela eta.
Ildo horretan, Josu Erkorekak jakinarazi du Eusko Jaurlaritzak eta Espainiako Gobernuak 6 hilabeteko aldebiko negoziazio-aldi bat irekiko dutela Lege Dekretu horren inguruko desadostasunak ebazteko; eta datorren otsailaren 5a baino lehen, Lurralde Politikako ministro Carolina Dairasek eta berak, Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburua den aldetik, idazki bat bidaliko diote Konstituzio Auzitegiari, «Aldebiko Lankidetza Batzordearen» barruan negoziazio-prozesua irekiko dela jakinarazteko. “Garai berri batean gaude, non erakundeen eta alderdi politikoen arteko elkarrizketa eta negoziazioa izango diren nagusi. Garai berri honetan, administrazio publiko digitalei lotutako guztia elkarrizketaren, negoziazioaren eta adostasunaren bidez landuko da”, adierazi du.
Erkoreka sailburuak gogorarazi duenez, Lege Dekretu hori Espainiako Gobernuaren eta Kataluniakoaren arteko tentsio handiko testuinguru batean landu eta onartu zen. Testuinguru horretan, «segurtasun publikoa», «ordena publikoa» eta «segurtasun nazionala» bermatzeko aitzakiarekin, Espainiako Gobernuak neurriz kanpoko kontrol-sistema bat –desegokia estatu deszentralizatu batean– ezarri zuen. Bozeramaileak adierazi duenez, oinarrizko araudi horrek autonomia historikoen (hala nola Euskadiren) autonomia politikoaren printzipioa eta autoantolaketarako eskumena urratzen ditu. “Gaur egun desagertu egin dira Espainiako Gobernua Lege Dekretu hori premiaz izapidetzera bultzatu zuten salbuespen, larritasun, garrantzi eta aurreikusezintasuneko arrazoiak”, zehaztu du.
Era berean, Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuak, egiteke dauden transferentziei dagokienez, adierazi du bileraren data Lurralde Politikako Ministroaren agendaren menpe dagoela, baina ahal bezain laster ezarriko dela data bat. «Oraindik ez da deirik egon hurrengo bilera formala iragartzeko«, adierazi du. Ildo horretan, Gobernu Zentralak, duela ia urtebete, hartu zuen konpromisoari berriz heltzeko premia azpimarratu du Erkoreka sailburuak.
Kazetariek espetxe-politikari buruz galdetu diotenean, Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak berretsi du ez dagoela planteamendu berririk, izan ere, presoak beren bizilekutik gertu dauden espetxeetara hurbiltzea Gobernu Programan, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Idazkaritzaren planetan, Hitzeman eta Zuzenbidean programetan baitago. Gainera, azpimarratu du «hurbilketa» eta «gizarteratzea» kontzeptuak desberdinak direla. «Espetxe-legeak gizarteratzeko eta graduetan aurrera egiteko baldintzak ezartzen ditu, hala nola, eragindako kalte bidegabea aitortzea. Hurbilketak ez «, zehaztu du.
2020ko aurrekontuetan jasotzen den %2ko soldata igoerari dagokionez, Erkoreka sailburuak ziurtatu du lanean ari direla igoera ahalik eta azkarren gerta dadin. «Lanean ari gara eta beharrezko pausoak ematen. Prozesu guztia martxan dago ahalik eta azkarren gauzatu ahal izateko «, adierazi du.