Tapiak Basque Railway jardunaldian azpimarratu duenez, abiadura handia martxan jartzeak “benetako iraultza eragingo du Euskadiko mugikortasunean”

0
  • Eusko Jaurlaritzak, Euskadiko hiriburuen artean 30 minutuz behin zerbitzua eman ahal izateko 250 km/h-ko abiaduran zirkulatuko duten 15 tren erostea eta 100 lanpostu sortzea aurreikusten du
  • Tapia: “Euskal Y-a, Euskadiko historian garraioaren deskarbonizazioari egiten zaion ekarpen handiena da, gure herrialdearen trantsizio ekologikoan emandako jauzi kualitatibo garrantzitsuena
  • Euskadik, tren alorreko ikerketari eta berrikuntzari buruzko elkar ulertze memoranduma sinatu du SHIFT2RAILekin
  • Tren sektoreko Europako erreferente diren François Davenne UICeko Zuzendari Nagusiak eta Libor Lochman CEReko Zuzendari exekutiboak, besteak beste, Estatuen arteko mugak saihestuko dituen “Europako benetako trenbide espazio integratu interoperagarria sortzearen” aldeko apustua egin dute

Aldez aurretik José Luis Ábalos Garraio, Mugikortasun eta Hiri Agendako ministroarekin bilera izan ondoren, Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretarko sailburuak abiadura handia Euskadira etortzearen birtualtasunean jarri du arreta gaur goizean Donostiako Kursaalean egin den BASQUE RAILWAY kongresuaren irekierako hitzaldian. Bilera horretan, bi erakundeek amaitu gabe dauden zereginen erritmoa bizkortzeko eta euskal Y-aren obra osatzeko behin betiko bultzada emateko duten konpromisoa berritu dute.

‘Abiadura handiko sareak martxan jartzearen erronkak’ Jardunaldiaren izenburuari erreferentzia eginez, abiadura handia Euskadiko garraio publikoaren “bizkarrezurra” izango dela azpimarratu du sailburuak. Izan ere, 3 – 4 milioi pertsonak hiriburuen arteko garraio publiko azkarra, puntuala eta integratua izango dute, eta horri esker, gaur egun errepideko ibilgailuetan bidaiatzen duten pertsona ugarik trenbidez bidaiatu ahal izango dute. “Gaur egun gure hiriburuen artean errepidez egiten diren eguneroko trafikoen %8-10 trenbidera joango da zuzenean”, aurreratu du.

“Obraz hitz egiteari uzteko” eta “zerbitzuaz hitz egiten hasteko” garaia dela aldarrikatu du Tapiak. Euskal Y-tik nazioarteko distantzia luzeko hainbat zerbitzu ibiliko dira, eta horiek Madrilekin, Bordelerekin edo Parisekin lotuko gaituzte. Baina Euskadiko hiriburuen artean intercity zerbitzuak izateko aukera ere emango digu.

“Intercity zerbitzuak ezartzeak iraultza ekarriko du Euskadiko mugikortasunean”, Sailburuaren iritziz. Eusko Jaurlaritza hasi da lanean, “ustiapen plan bat lantzen hasi gara jada, Euskotrenek Euskal Y-an zerbitzu berriak ustiatu ahal izateko”.

Tapiaren kalkuluen arabera, “30 minuturo zerbitzuak eskaini ahal izateko, orduko 250 kilometroko abiaduran ibiliko diren 15 tren berri erosi beharko dira, Euskal Y-a ustiatzeko beharrezkoa den material mugikor berria, alegia”.

Helburu horiek lortzeko, “kualifikazio handiko 100 lanpostu sortzea beharrezkoa” izango dela uste du. Zerbitzu horiek emateko, hainbat instalazio eraiki beharko dira, tailer bat eta kotxetegiak, besteak beste, eta baita prestakuntza eta kontrol gelak eta trenak mantentzeko instalazioak eta ekipoak ere.

Gizarteari tren lehiakorra eskaintzeko nahia azaldu du: “Egunean 22 zerbitzu inguru, 30 minutuz behingo maiztasunekin. Bilbo, Donostia, Gasteiz, eskaintza benetan erakargarriaren bitartez lotuta. Iruñearekin edo mugaz gaindi Baionarekin lotuko gaituzten zerbitzuak”.

Sailburuaren iritziz, tren eskaintzak, inolako zalantzarik gabe, soziala izan behar du, “guztiontzako trena, irisgarria, txartelen batez besteko tarifak edo prezioak 8-10-12 euro artekoak izango dituztenak, eta egungo ticketing-interoperabilitate sisteman txertatuta egongo direnak”, hau da, Mugi, Barik eta Bat garraio-txartelekin bateragarriak, gero eta gehiago erabiltzea sarituz.

Lan-agindua handitzea

“Gizartearen, ekonomiaren eta ingurumenaren ikuspegitik trenbidea garraiobide estrategikoa da Europa osoan” esan eta gero, Arantxa Tapiak ez du hau nabarmentzeko aukera galdu nahi izan: “klimaren aldaketaren aurkako borroka agenda publikoan eta politikoan sartuta dagoen une honetan, Euskal Y-a da Euskadiko historian garraioaren deskarbonizazioari egiten zaion ekarpen handiena. Gure herrialdearen trantsizio ekologikoan emandako jauzi kualitatibo garrantzitsuena da”, berretsi du.

Sailburuak trenbide-korridore atlantikoaren barruan kokatu du Euskal Y-a, hau da, penintsula eta Frantzia lotzeko funtsezko elementua dela esan du. Gipuzkoako tartea amaituta, “gaur egun erronka nagusia AHTa hiriburuetara iristean dago”. Hori dela eta, Ministerioari egungo lan-agindua handitzeko borondatea eskaini dio, jarduketa berriei ekiteko, obra zibila amaituta dagoen tokietan gainegitura (trenbideak eta elektrifikazioa) instalatzea, edo Bilboko (Abando) eta Gasteizko (Dato) terminal berriak eraikitzea, besteak beste.

Europako trenbide espazio integratu interoperagarria

Irekiera instituzionalean, Eneko Goia Donostiako alkateaz gain, ia mundu osoko tren konpainiak biltzen dituen UICeko François Davenne zuzendari nagusiak parte hartu du. Mundu mailako trenbide estandarrak ezartzeko erreferentea da. Davenneren hitzetan, “Beharrezkoa da trenbidea sistema gisa ulertzea, eta ez pieza isolatuz osatutako mosaiko gisa: sistema horrek azpiegituren, ustiapenaren eta geografiaren alderdi guztiak integratu behar ditu, trenbideak estatuen mugen gainetik jarraipena izan dezan”.

Hizlari nagusi gisa, Libor Lochman CER (Community of European Railways) erakundeko zuzendari exekutiboak hartu du parte. Lochmanek Europar Batasun mailan trenbideko legeria markatzen duten arauen eta erregulazioen negoziazioan eta prestaketan hartzen du parte. Bere zeregin nagusia tren enpresen ikuspegia ematea da, eta “Europako erakundeek trenbide espazio integratu interoperagarri europarraren sorrera bultzatzea beharrezkoa” dela esan du, eta “arauzko esparruak beste garraiobide batzuen aurrean trenbidea ez zigortzearen” aldeko apustua egin du.

Jardunaldian euskal trenbide sektoreak osasun ona duela ikusi da, eta konpainia bat nabarmendu behar bada, hori CAF da, kontinente guztietan merkatuak dituen eta produktuen eta zerbitzuen hornitzaile globala den mundu mailako erreferentea. Andres Arizkorreta presidenteak bidaia berezi batean hartu du parte Tapia sailburuarekin batera, eta euskal industriak mugikortasun berriaren aurrean dituen erronkak izan dituzte hizpide.

Jardunaldiak, Amurrio Ferrocarriles, Bombardier, CAF, Danobat, Dominion, Ekide, Ikusi, Ingeteam, JEZ Sistemas Ferroviarios, Talgo eta Thales enpresen laguntza izan du. Horiek guztiek networking-a egin dute bertaratutako 600 profesional baino gehiagorekin.

Jardunaldian lau mahai sektorial egin dira, eta sektoreko enpresetako eta erakundeetako ordezkariek berrikuntzari eta digitalizazioari, trenbide operadoreei, fabrikatzaileei eta mugaz gaindiko esperientziei buruz hitz egin dute.

MoUren sinadura SHIFT2RAILekin

Euskadi, Shift2Rail-ekin elkar ulertze memorandum bat (MoU) ixten duen Europako lehen eskualdea bilakatu da. Txekiar Errepublikarekin lortutako gobernu-akordioaren ondoren, Europako eskualde batek trenbide sektoreko ikerketarako eta berrikuntzarako proiektuen tresnekin/deialdiekin jarduteko eta batera finantzatzeko lehentasunezko estrategiak ezartzeko lankidetzarako konpromisoa hartzen duen lehen aldia da. Monique Van Wortel, Shift2Railen arduradunak, eta Tapia sailburuak, Basque Rail Wayren barruan izenpetu dute aipatutako MoUa.

Moniquek azaldu duenez, “Shift2Rail, Bruselatik Europako trenbide ikerketa eta berrikuntza gehiena bideratzen duen Europako Batzordeak sustatutako ekimen publiko-pribatua da”. Shift2Rail-eko arduradunaren arabera, “Akordioa bultzada berri eta garrantzitsua da Euskadiko sektorearen garapenean, eta, aldi berean, Euskadiko eta Europako berrikuntzaren ekosistema indartzeko balioko du”.