Guztira 434 pertsona aurkeztu dira udaltzain-laguntzaileen lehenengo poltsan sartzeko hautaprobetara

0
  • Polizia-laguntzailearen irudia Euskal Autonomia Erkidegoko Poliziari buruzko Legearen aldaketan dago jasota, udaltzainen zereginak osatzeko

Guztira 434 pertsona, 137 emakume eta 297 gizon, aurkeztu dira udaltzain-laguntzaileen lehenengo poltsan sartzeko Gasteizeko Europa Biltzar Jauregian gaur egin diren hautaprobetara. Udalerrietan aldi batez zerbitzua emateko, besteak beste, mugikortasun-agenterik gabeko udalerrietako herriguneetan trafikoa antolatzeko, irudi hori Euskal Autonomia Erkidegoko Poliziari buruzko Legean dago jasota.

Udaltzain-laguntzaileen poltsan sartzeko gaur aurkeztu diren 434 pertsonek derrigorrezkoak eta baztertzaileak diren bi proba egin dituzte: test erako formatua duen proba psikoteknikoa, Udaltzaingoko laguntzaile-lanak eta -zereginak ebaluatzeko, besteak beste, hitzezko gaitasuna, arrazoitzeko gaitasuna, arreta eta pertzepzio gaitasuna eta gaitasun espazialak; eta bigarrena, nortasun-proba.

Oposizio-fasea gainditzen dutenak Udaltzaingoko agente-laguntzaile izateko formakuntza-ikastaroa egiteko onartuko dira. Ikastaroak bi fase izango ditu: lehenengoa online egingo da eta eduki teorikoak landuko dira; eta bigarren fasea praktikoa eta presentziala izango da.

Formakuntza-ikastaroa egiten eta gainditzen dutenak zuzenean sartuko dira udaltzain-laguntzaileen poltsan. Poltsa formalki eratzen denean, deialdi bateratuetan parte hartu duten edo parte hartzen duten edo Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiaren zuzendari nagusiari berariazko eskaera egin dioten eta euren poltsarik ez duten udalen eskura jarriko da.

Segurtasun Saileko Segurtasuna Koordinatzeko Zuzendaritza arduratuko da udaltzain-laguntzaileen poltsa kudeatzeaz.

Bestalde, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiak datorren martxoaren 4an, 16:00etan, egingo du Gasteizko Europa Biltzar Jauregian, Udaltzaingoko bitarteko agenteen poltsarako hautaketa-prozesua. Izena emanda 1.387 pertsona daude, horietatik 398 emakumeak dira eta 989 gizonak.

Azkenik, gogora ekarri behar da Segurtasun Sailak beste deialdi bat duela zabalik 700 ertzain-plaza eta 26 udalerritako 110 udaltzain-plaza betetzeko, eta deialdi horretan izena emateko epea datorren otsailaren 5ean amaituko da. Une honetan guztira 3.800 pertsona daude izena emanda.