BILBOK INOIZ IZAN DITUEN TURISMO-DATURIK ONENAK ERREGISTRATU DITU

0

BILBOK INOIZ IZAN DITUEN TURISMO-DATURIK ONENAK ERREGISTRATU DITU; IZAN ERE, MILIO BAT BISITARI INGURU ETA 1,9 MILIOI OSTATU-GAU ERREGISTRATU DIRA 2019. URTEAN

  • 2018. urtean lortutako datuekin alderatuta, turisten kopuruak % 6,4 (992.890 bisitari 2019. urtean) egin du gora, eta ostatu-gauek % 5,7 (1.901.622 ostatu gau 2019. urtean).
  • Nazioarteko turismoa 8 puntu igo da, eta, batik bat, Frantziatik, Erresuma Batutik eta Ameriketako Estatu Batuetatik datoz turistak.
  • Estatuko bisitarien ehunekoa % 5,1 hazi da, eta Madrilgo Erkidegotik, Kataluniatik eta Euskaditik datozen pertsonak daude sailkapenaren goiko partean.

Bilbok turismo-balantze paregabea izan du 2019. urtearen amaieran, eta seigarren urtez jarraian hautsi du marka, datu historikoak lortu baititu bidaiarien sarrerei eta ostatu-gauei dagokienez. Iaz, guztira, 992.890 bidaiari hurbildu ziren hiribildura, hau da, 2018. urtean lortutako zenbatekoa baino % 6,4 gehiago, zeina ekitaldi garrantzitsuz jositako urtea izan zen, besteak beste, Europako errugbi finalak eta MTV Europe Music Awards antolatu baitziren. Kopuru horiek agerian utzi dute Bilbo turismorako leku gisa lortzen ari den garrantzia. Bidenabar, berme egokia dira estatuko eta nazioarteko merkatuetan bultzatzen ari garen sustapen- eta hedapen-lanari dagokionez.

Turismo-balantzean, halaber, iaz 1.901.622 ostatu-gau erregistratu zirela jaso da, hau da, 2018. urtean baino % 5,7 gehiago. Bidaiariek, batez beste, 1,92 gau igaro dituzte hirian. Bi gauetara heltzea da Bilboren turismo-erronketako bat. Kopuru horiek nazioarteko turistek baino ez dute gainditzen; izan ere, hainbat egun igaro ohi dituzte hiribilduan.

2014. eta 2018. urteetan artean, 742.445 bisitari jasotzetik gaur egungo 992.890 bisitarira igaro gara; hots, denboran bilakaera jarraitua egon da hiribildura datozen turistei dagokienez. Bilbok bisitariei atentzioa ematen jarraitzen du, eta turismoa merkataritza eta ostalaritza dinamizatzen dituen jarduera-eragile bihurtu da, zeinari esker negozioak sortzen diren eta enplegua sendotzen den.

TURISMOA BIDALTZEN DUTEN MERKATU NAGUSIAK

Bilbo turismorako leku gisa finkatu da nazioartean. Iaz, 469.918 pertsona etorri ziren atzerritik Bilbora, erregistratutako sarrera guztien % 47,3, alegia. 2018. urteari dagokionez, adierazlea % 8 igo da, eta oso positiboa izan da turismoaren eta aisialdiaren sektorerako; izan ere, nazioarteko turistek gau gehiago igarotzen dituzte hirian eta gastu handiagoa egiten dute.

Bilbok irudia eta nazioarteko proiektua indartu ditu, batez ere, merkatu tradizionaletan. Aurreko urteetan bezala, Frantzia da sailkapeneko lehenengoa (% 12,5); gero, Erresuma Batua (% 11,8) eta Ameriketako Estatu Batuak (% 9,4) datoz atzetik.

2019. urtean Bilbora etorri diren pertsonen kopurua, halaber, berme bat da Bilboko Udalak hiriarentzat estrategikoak diren turismo-merkatu batzuk indartzeko egindako apustuaren aurrean, hala nola Alemaniakoa (%20 turismo-hazkundearekin), Italiakoa, aireko konexioetan bultzatuta, (%14,1) edo Japoniako (%41,3).

Estatuko merkatuaren joerari dagokionez, emaitza onak ikusi daitezke. Bidaiarien sarrerek % 5,1 egin dute gora. Madrilgo Erkidegoak lortu du lehenengo postua (% 25,1), 522.972 sarrera erregistratu ostean, eta, ondoren, Katalunia (% 14,8) eta Euskadi daude (%13,1).

OKUPAZIO-MAILARI EUTSI ZAIO

2019. urtean, hotelen eskaintza handitu du Bilboko hiribilduak, eta zortzi establezimendu berri gehitu dizkio hotelen eskaintzari (497 plaza). Inguruabar horrek ez du eraginik izan hotelen okupazioan, % 61,7n eutsi baitio. Zenbateko horrek argi uzten du Bilboko Udalak egindako apustua, zeinaren bitartez kultura, gastronomia, arkitektura, aisialdia, merkataritza eta, batik bat, identitatea eta berezitasuna eskaintzen dizkien bisitatzen gaituztenei.