Lanbideren Lasarte-Oriako bulegoan izandako egintza bandalikoak eta langile batek izan duen erasoa salatu ditu Lanbidek

0
  • Lasarte-Oriako egoitzako segurtasun-zaintzailea bajan dago jaso dituen kolpeen ondorioz.
  • Santurtziko eta Vitoria-Gasteizko Salburuako bulegoetan ere izan diren erasoak.

Vitoria-Gasteiz, 2020ko urtarrilaren 28a

Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuak salatu du azken egunotan bere zenbait bulegotan erasoak izan direla, eta jakinarazi du gorabeherarik larriena, joan den ostiralean, hilaren 24an, Lasarte-Oriako bulegoan gertatu zela, bertako bulegoko segurtasun-zaintzailea jo baitzuten. Gaur goizean, berriz, berriki inauguratu den Salburuako egoitza grebaren aldeko pintaden jomuga izan da, eta joan den astean Santurtziko bulegoa eraso zuten.

Segurtasun-zaintzaile hori bajan dago, dozena erdi gazte kaputxadunek egindako erasoan jasandako lesioen ondorioz. Joan den ostiralean, gazte talde bat Gipuzkoako udalerriko bulegoko sarrerako kristaletan Ernaiko kartelak jartzen ari ziren eta datorren osteguneko grebarako dei-mezuak margotzen ari ziren. Segurtasun-zaintzaileak ekintza hori gaitzetsi zienean, gazteek, baldeak, kartelak eta pintura-poteak bertan utzi eta korrika ihes egin aurretik, lurrera bota zuten langilea. Segurtasun-zaintzaileak min hartu zuen.

Lanbidek Lasarte-Orian gertatutakoaren ondoriozko salaketa aurkeztu dio Ertzaintzari.

Bestalde, gaur oraindik bajan dagoen segurtasun-zaintzaileak salaketa jarriko du bere onera etortzen denean, bere enpresak Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailari jakinarazi dionez. Bestalde, Beatriz Artolazabal sailburua berehala jarri zen harremanetan segurtasun-langilearekin haren osasun-egoeraren berri izateko.

Beste gorabehera batzuk

Eraso horren aurretik eta ondoren ere, greba orokorrerako deialdiarekin lotzen diren beste gorabehera batzuk izan dira pertsona kaputxadunekin, nahiz eta ez diren hain larriak izan. Zehazki, Santurtziko (Bizkaia) eta Vitoria-Gasteizko Salburuako (Araba) bulegoetan ere izan dira gorabeherak.

Bizkaiko bulegoan, joan den asteazkenean, hilaren 22an, buzoz eta maskaraz jantzitako pertsona talde bat saiatu zen bulegoaren aurrealdea pankartez papereztatzen, eta dozena bat pertsona sartu ziren bulegora, grebaren aldeko paskinak banatuz, bulegoko jarduna oztopatuz eta beldurra eraginez.

Arabako bulegoa, berriz, duela gutxi inauguratu zuten, 2019ko urrian, eta gaur goizean ikusi dute bulegoko beirateetako bat hartzen duen pintada handi bat zuela eta fatxada nagusiaren gainean pintura bota dutela.

Lanbidek bigarren salaketa aurkeztu dio Ertzaintzari, ekipamendu publiko horietan eragindako kalteen ondorioz.  

Borja Belandia Lanbideko zuzendari nagusiak azaldu duenez, “ez dugu alarmismorik sortu nahi, baina onartezina da sektore kaltetuenei laguntzeko tresna publikoari eraso egitea. Ulertezina da ondasun publikoak hondatzea. Kalifikaezina da langile publikoak beldurtzea”. Eraso horiek “jada gaindituta zeudela uste genuen beste garai batzuetara garamatzate”. Gainera, eskatu du osteguneko greba orokorrean ekintza bandaliko horiek «areago ez joatea».