- 2020ko laguntzen programa. Urtarrilaren 30etik aurrera indarrean Euskal Herriko Agintaritza Aldizkarian
- Energia berriztagarriek 10,5 milioi euroko aurrekontua izango dute; horietatik, 6 milioi autokontsumo elektriko berriztagarrirako instalazio berriak laguntzera bideratuko dira. Energia eraginkortasuna hobetzeko proiektuek ere dirulaguntza jasoko dute, 10 milioi euro baino gehiago
- Ibilgailuen Renove Plana berriz ere eskuragarri izango da, 5 milioi euroko aurrekontuarekin; ibilgailuen parkea berritzea xede duen programa honen bidez, energia alternatiboez elikatutakoak eta eraginkortasun handiko automobilak sustatuko dira
- Energiaren Euskal Erakundeak 280 milioi euro inguru inbertitu ditu dirulaguntzetan azken 38 urte hauetan, Euskadin energia ereduaren eraldaketa bultzatzeko, eraginkortasunaren hobekuntza eta energia berriztagarrien aprobetxamendua oinarri hartuta
Energiaren Euskal Erakundeak kudeatzen dituen urteroko laguntzen programak abian jarriko dira urtarrilaren 30ean; 2020ko ekitaldi honetan 20,6 milioi euroko aurrekontua dute. Kantitate hori teknologia eraginkorrak sustatzera zenbait sektoretan eta energia berriztagarriak aprobetxatzen dituzten instalazio txikiak, batez ere autokontsumorako, bultzatzera bideratuko da. Helburua da Eusko Jaurlaritzaren 2030eko Energia Estrategian ezarritako xedeak betetzen laguntzea, eta hartara, kalitatezko energia sistema eraginkor eta karbono gutxikoren aldeko trantsizioaren bidean.
Gai honetan Europar Batasunak dituen jarraibideekin bat etorriz, Energiaren Euskal Erakundeak baliabide ekonomiko ugarri bideratuko ditu energia berriztagarrien alorreko instalazioak martxan jartzera; baita energia eraginkortasuna hobetzeko egitasmoetara eta energia aurreztera arlo guztietan ere. Izan ere, energia garbia kontsumitzea bezain garrantzitsua da ezinbestekoa baino ez dena erabiltzea. Urtero ematen diren dirulaguntza hauek ia euskal energia agentzia eratu zenetik eskaintzen dira, duela 38 urte. Horien bitartez, aurrezten laguntzeaz gain, euskal geografia osoan instalazio berriztagarriak martxan jarri ahal izan dira; orotara, 280 milioi euro inguru bideratu dira horretara.
2020. urtean, dirulaguntzak era orekatuan banatzen dira eraginkortasunaren eta berriztagarrien artean; izan ere, bi sektore horietako bakoitzean 10 milioi euro baino gehiago eskainiko dira. Hala, denetara, 20.650.000 euroko aurrekontua dute bien artean. Oinarriak EHAAn argitaratzean, bihar, urtarrilak 30, sartuko dira indarrean aurtengo sei laguntzen programa, eta beste bi ostiralean, hilak 31; haiei esleitutako aurrekontua amaitu arte iraungo dute, edo, bestela, programa bakoitzak ezarritako muga egunera arte
Laguntza programa |
Aurrekontua |
1. ENERGIA ERAGINKORTASUNAREN SUSTAPENA |
10.150.000€ |
Hirugarren sektorea |
1.650.000€ |
Toki administrazioak |
1.500.000€ |
Garraio eta mugikortasun efizientea |
2.000.000€ |
Ibilgailu efizienteak eta alternatiboak |
5.000.000€ |
2. ITURRI BERRIZTAGARRIEN SUSTAPENA |
10.500.000€ |
Biomasa |
1.000.000€ |
Geotermia |
1.000.000€ |
Instalazio elektriko berriztagarriak |
6.000.000€ |
Itsas teknologiak |
2.500.000€ * |
GUZTIRA |
20.650.000€ |
* 500.000€ 2020an, 1.000.000€ 2021ean eta 1.000.000€ 2022an
- Energia eraginkortasuna
Zenbait alorretan energia eraginkortasuna eta aurrezpena bultzatzera bideratuko diru-hornidura 10,1 milioi eurokoa da. Aurreikuspenen arabera, proiektuei lotutako 5.250 dirulaguntza eskaera onartuko dira. Horiei guztiei esker, urtean 6.100 tep inguru aurreztuko da energian, hau da, Euskadiko urteko energia kontsumoaren % 0,1.
Hirugarren sektorean dirulaguntzak
Eraginkortasun proiektuak gauzatzeko aurrekontua sektore honetan –sektore publikoa sartu gabe- 1.650.000 eurokoa da. Horiei esker, era askotako egitasmoak abiaraziko dira, hala nola klimatizazio eta ur bero sanitario sistemak, argiztapen eraginkorra, kogenerazio-instalazioak eta eguzki termikoaren aprobetxamendukoak, energia auditoriak eta Kudeaketa eta ISO sistemen ezarpenari lotutakoak.
Toki administrazioetan dirulaguntzak
Euskadiko Toki sektore publikoak 1.500.000 euroko aurrekontua izango du eskura dirulaguntzetan. Kantitate horren bidez, jarduera ugari egin ahal izango dira, esaterako, argiteria publikoaren berritzea, udal eraikinetako klimatizazioaren hobekuntzak, kogenerazio-instalazioak abiaraztea eta eguzki energia termikoaren aprobetxamendukoak; baita kudeaketa sistemen ezarpena ere.
Garraio eta mugikortasun efizientean dirulaguntzak
Euskadin garraioa petrolioaren deribatuan menpe dago, % 90 baino gehiago, eta haren kontsumoa gero eta handiagoa da azken urte hauetan. Dinamika hori aldatzeko eta petrolioaren deribatuen alternatiba izan daitezkeen energia alternatiboei sarbidea emateko asmoz, 2.000.000 euro erabiliko dira laguntza lerro honetan. Hala, energia alternatiboak, adibidez, gas naturala eta elektrizitatea, erabiltzen dituzten ibilgailu motordun astunak (kamioiak, autobusak eta beste batzuk) erosteko dirulaguntzak emango dira. Era berean, energia alternatibo horien birkarga instalazioen eta bizikletako sistema publikoen ezarpena ere diruz lagunduko dira.
Ibilgailu efizienteak eta alternatiboak: Ibilgailuen Renove
Goian aipatutako laguntza lerroen ildotik, programa honek ere energia kontsumoa arrazionalizatzeko jarduerak sustatu nahi ditu garraioan, eta ondorioz, petrolioaren mendekotasuna murriztea, garraiobide pribatu eraginkorragoen erabilerari esker. Horretarako, 5.000.000 euro bideratuko dira efizientzia txikiko ibilgailu zaharrak ordezkatze efektibora –txatarrera bideratu beharrekok- eta horien ordez (A) energia kalifikazio handiena duten ibilgailu berriak erabiltzeko, gasolina edo gasolio bidezko autoen kasuan, baita GEI emisioen maila txikia duten gasolina edo gasolio bidezko furgonetak ere.
Gainera, ibilgailu elektriko hutsak, hibridoak, gas naturalez elikatuak, hidrogenoz eta GLPez baliatzen direnak diruz lagunduko dira.
Energia berriztagarriak
Betidanik, energia iturri berriztagarriak aprobetxatzeko instalazio txikiek jaso dute EEEren laguntza, bere laguntza programen bitartez, urtez urte haien ezarpena areagotzea ekarri duena. Aurtengo ekitaldian 10,5 milioi euro bideratuko dira horretara, 730 instalazio berriztagarri inguru martxan jartzea ahalbideratuz, aurreikuspenen arabera. Era horretan, autokontsumorako potentzia elektriko instalatua 15 MW inguru gehituko da; horrez gain, biomasa eta geotermia bidezko klimatizazio sistemen potentzia termikoa ere areagotuko da, 8 MW-era iritsi ahal dena.
Biomasa
Biomasa erabiltzen duten bero-sorgailu sistemak jartzeko egitasmoak sustatze aldera, 1.000.000 euro emango dira dirulaguntzetan. Gainera, diruz lagunduko dira egungo district heating erako sistemak (barrutiko berokuntza), konexio berriak eratzeko.
Geotermia
Energia geotermikoaren erabileraz aprobetxamendu termikoa, bai trukaketa geotermiko ekipoetan, bai egungo district heating sistemetara konexioetan, sustatzera 1.000.000 euro bideratuko dira.
Autokontsumo elektrikoa
Azken ekitaldietan alor honek hartutako garrantzia kontuan hartuta, 6.000.000 euro emango dira dirulaguntzetan proiektu fotovoltaiko, eoliko eta minihidrauliko berriak bultzatzeko, instalazio eta instalatutako KW kopurua areagotzen jarraitzeari begira. Hartara, autokontsumoa sendotu egingo da, energia era deszentralizatuan ekoizteko eta kontsumitzeko bidean aurrerapausoak emateko.
Itsasoko energia teknologia berriztagarriak
Energia iturri berriztagarri berrien aldeko apustua gehien nabarmentzen den alorra itsas energiarena da, etorkizuneko I+G+b esparruko inbertsioan bereziki. Euskadin dauden proba edo saiakuntza eremuetara (Mutrikuko planta eta itsaso zabaleko BiMEPen gunea) proiektuak erakartzeko eratu da programa hau, eskala ezberdineko prototipoak eta osagaiak erakusteko eta balioztatzeko fasean proba esperimentalak sustatzeko xedez. Guztira, 2,5 milioi euro bideratuko dira hiru ekitaldietan, 0,5 milioi euro 2020an, milioi bat euro 2021ean eta beste milioi bat euro 2022an.
Azkenik, Euskadiko aurrekontuei begira, Ahal Dugu-Podemos taldearekin egindako akordio parlamentarioaren ondoren, beste laguntza programa batzuk prestatzen ari dira, aurtengo lehen lauhilekoan ezagutaraziko direnak.