- Seihileko honetan, Euskadik Estatuko autonomia-erkidegoak ordezkatuko ditu lan-topaketa horietan
Brusela, 29 01 20
Europar Batasuneko Enplegu, Gizarte Politika, Osasun eta Kontsumo Kontseiluaren (EPSCO Kontseilua) prestaketa-lantaldeak, Kroaziako ordezkaritza buru zela (herrialde horrek izango du EBko Kontseiluko presidentetza 2020ko lehen seihilekoan), Europako Gizarte Funts Plus izenekoaren gaiak eta laneko ongizatearen hobekuntzari buruzko ondorioak landu ditu gaur goizean Bruselan. Seihileko honetan, Euskadik Estatuko autonomia-erkidegoak ordezkatuko ditu lan-topaketa horietan.
Bileran, taldeko presidente Ivan Dvornik kroaziarrak Europako Gizarte Funts Plus izenekoari (EGF+) buruzko trilogo teknikoetan egindako aurrerapenen berri eman du, eta, adierazi duenez, «Europako Parlamentuaren iradokizun bati erantzunez, informazio-bilera bat antolatu da otsailaren 20rako. Bilerak bide onetik doaz, eta Kontseilua eta Batzordeak bat datoz helburuetan”. Europako Batzordeak, Enplegu Zuzendaritza Nagusiko bozeramaile Adriana Sukovak ordezkatuta, jakinarazi du «politikaren arloko trilogorako, Nicolas Schmit komisarioak hartuko duela parte topaketan».
Datorren otsailaren 4an, taldeak honako gai hauek aztertuko ditu: «Europa sozial sendoa» (gai hori martxoaren 19ko EPSCO Kontseiluan ere landuko da), enpleguaren eta gizarte-gaien arloko Europako Batzordearen 2020rako lan-programaren aurkezpena, eta laneko indarkeria eta jazarpena, LANEren Hitzarmenaren barruan. Gai horiek Social and Inclusive Europe helburuaren parte dira.
Urtarrilaren 9ko topaketan, Kroaziako presidentetzaren lehentasunak aurkeztu ziren, eta, hilaren 10ean, laneko ongizatearen hobekuntzari buruzko ondorioak landu ziren. Ondorio horiek martxoaren 19ko EPSCO Kontseiluan ere aztertuko dira, eta ministerioetako buruak bertan izango dira.