Duela bi urteko Euskaraldiari jarraipena emanez, 2020an ere Euskaraldiaren bigarren ariketa antolatuko da Donostian. Bigarren edizioan, baina, beste urrats bat egin nahi da: hau da, norbanakoek ez ezik entitateek ere parte hartzea lortu nahi da, hizkuntza praktika berriak bultzatzen jarraitzeko neurriak hartuz.
Aurkezpenean Eneko Goia Donostiako alkateak eta Markel Olano, Gipuzkoako Diputatu Nagusiak Euskaraldiak dituen ezaugarriak eta erronkak gogoratu dituzte. Maddi Juanikorena Bagerako ordezkariak, berriz, bigarren edizioak dituen berrikuntzak aipatu ditu. Bestalde, Euskaraldian parte hartuko duten Donostiako entitate batzuk (Amara Berri Auzo Elkarteak, Aquariumak, Arantzazuko Ama ikastolak, Kutxa Fundazioak, Plazara Goaz Intxaurrondoko Euskara Batzordeak eta Realak) aurreratu dute zergatik parte hartuko duten eta zein urrats emango dituzten hizkuntza ohiturak aldatzeko beraien erakundean.
Ariguneak
Bigarren edizioaren berrikuntza entitateetan datza, beraien barruan ariguneak identifikatu eta sortzea eskatuko baitzaie. Ariguneak euskaraz lasai aritzeko guneak dira, entitate baten barruan dagoeneko eratuta dauden hiztun taldeak edo espazioak.
Arigune bat sortu ahal izateko, ezinbestekoa izango da bertako kide guztiek euskara ulertzea eta gehien-gehienak ariketa egiteko prest egotea. Arigune horiek, beraz, kideen adostasunez osatzen dira eta bertan parte hartuko dute ahobizi edo belarriprestek. Ariguneak hizkuntza ohiturak aldatu eta finkatzeko egokiak izatea da helburua.
Bi motatako ariguneak egongo dira:
- Barne funtzionamenduko guneak (entitate barruko taldeak dira)
- Kanpo harremanetarako guneak (herritarrekiko harreman espazioak dira, herritarrekin osatutako ariguneak dira. Espazio horietan 15 egunez beti egongo da belarriprest edo ahobizi bat, herritarrak euskara hitz egiteko aukera izan dezan)
Gogoratu behar da Euskaraldian abian jarri nahi den metodologia probatu egin zela iazko azaroaren 22tik abenduaren 3ra Intxaurrondon “Nitik haratago! Baietz 11 Intxaurrondon!” izeneko ariketan, Plazara Goaz euskara batzordeak sustatuta.
Belarripresten bila ahobiziak indartzeko
Hizkuntza aktibaziorako gune horiez gain, ezinbestekoak izango dira herritarrak: ahobiziak eta belarriprestak. Donostian aurreko edizioan baino belarriprest gehiago lortzea izango da erronketako bat. 2018. urtean Donostian parte hartu zutenen %73k (12.849 pertsonek) ahobizi rola aukeratu zuten eta %27k (4.800 pertsonek) belarriprestena. Belarriprest gehiago erakarrita ahobiziak indartzea lortzen dela gogoratu dute antolatzaileek