Eusko Jaurlaritzak bere Lanbide Heziketako Plana aurkeztu dio Madrilen kidego diplomatikoari

0

Eusko Jaurlaritzako Lanbide Heziketako eta Kanpo Harremanetarako arduradunek lan-bilera bat izan dute gaur goizean Madrilen hainbat herrialdetako Enbaxadetako ordezkariekin, haiei aurkezteko Lanbide Heziketako V. Euskal Plana 2019-2021. 

Eusko Jaurlaritzak Madrilen duen Ordezkaritzan izan da bilera eta bertan parte hartu dute Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saileko Lanbide Heziketako sailburuorde Jorge Arévalok eta Kanpo Harremanetarako zuzendari Leyre Madariagak, baita ondoko herrialdeetako Enbaxadetako arduradun sektorialek ere: AEB, Argentina, Mexiko, Kolonbia, Kanada, Alemania, Frantzia, Finlandia, Portugal, Suitza, Japonia eta Kenya. 

Lan-bileran, “Lanbide Heziketako V. Euskal Plana 2019-2021: Lanbide Heziketa 4. Iraultza Industrialaren ingurunean» izenekoan, Lanbide Heziketako V. Euskal Plana aurkeztu zaio kidego diplomatikoari. Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren ekintza estrategikoen barruan jasotako plan bat da, LHko ikasleen prestakuntza bultzatzea helburu duena, eta hartara laugarren iraultza industrialak eskaintzen dituen aukeretara eta eskatzen dituen premietara egokitzen dena. Iraultza horretan bultzatu beharreko aurrerabidea ez datza dagoeneko den hori hobetzean, baizik eta izango den horretarantz aurrera egitean. Hala, V. Euskal Plana hausnarketa horretara dago espezifikoki bideratua. 

2014ko abenduan, gai honen inguruan Kidego Diplomatikoarekin Madrilen antolatutako antzeko bilera baten ondoren onetsi zuen Eusko Jaurlaritzak Lanbide Heziketako IV. Euskal Plana. Plan hark eredu berri bat finkatu zuen, konbinatua, prestakuntza, berrikuntza, ekintzailetza eta internazionalizazioa elkartzen zituena, eta beharrezko neurriak ezartzen zituena LHtik erantzun ahal izateko gure produkzio-ehunaren premiei. Plana amaitutzat eman zen 2018an Legebiltzarrak Lanbide Heziketari buruzko Legea onetsi zuenean, berau osorik garatzeko beharrezko lege-estaldura eman diguna. 

Ordea, Laugarren Iraultza Industrialaren aurrerabideak erronka berrien aurrean kokatzen gaitu, eta erronka horiek aldaketa berriak behar dituzte. Aldaketa horiek eragin nabarmena izango dute euskal lanbide-heziketan ere. Errealitate berri horrek eskatu egiten digu garai berrietara egokitzeko, eraldatzen ari den gizarte baten erronka berriei erantzuteko, kontuan hartuta gizarte hori gero eta gehiago dagoela oinarritua aurrerapen teknologikoetan, baina aldi berean gizarte-balioak eta giza dimentsioa nabarmentzeko premia bizia bizitzen ere. Horrexegatik, plan honek giza garapen iraunkorraren alde egiten du lan eta horretarako hartu ditu barnean pertsonen enplegagarritasunaren eta enpresen lehiakortasunaren premia berriei aurre egitea lortuko duten konpetentziak eta kualifikazioak. 

Adimena, iraunkortasuna, integrazioa eta solidaritatea dira V. Plan honen garapenean hartu diren funtsezko elementuetako batzuk. Errealitateak eskatu egiten du ikasleak eremu profesional zabaletan bermeekin moldatu ahal izateko prestatzea, eta ez bakarrik lan zehatz bati lotuta. Beharrezko tresna berriak eman behar dizkiegu ikasleei, euren etorkizunaren jabe izatea ahalbidetuko dietenak 4.0. gizarte-eredu berri batean. Hezkuntza Sailaren Lanbide Heziketako V. Euskal Planaren asmoa da, azken batean, oraingo eta etorkizuneko erronkei erantzutea; eta moldatzeko eta erreakzionatzeko gaitasuna garatzea ez ezik, aurrea hartzeko eta disrupziorako gaitasuna ere hartzen du barnean. Ezaugarri horiek guztiak beharrezkoak dira etorkizunari bermeekin aurre egiteko. 

Gaurko bilera Eusko Jaurlaritzako arduradunen eta kidego diplomatikoko ordezkarien artean Madrilen egiten diren elkarraldien ohiko egutegian sartzen da, legealdi honetarako gobernuak dituen planak eta ekimen estrategikoak ezagutzera emateko.