Infartuak eragindako heriotza-tasa % 10,4tik % 6,8ra jaitsi da Euskal Autonomia Erkidegoan, “Infartu Kodea” abian jarri zenetik

0

Hobekuntza garrantzitsu hori arreta-denborak murriztearen ondorio da. Izan ere, miokardioko infartu akutua tratatzeko laguntza-protokoloa ezarri aurretik 110 minutukoa zen, eta gaur egun 81 minutukoa da, gida klinikoek gomendatzen duten 90 minututik beherakoa.

Nekane Murga Osasun sailburuak nabarmendu duenez, protokolo hori abian jartzeak hobekuntza nabarmena ekarri du miokardioko infartu akutuaren arretan, jarduera-denborak eta heriotza-tasa murriztu baitira.

Duela lau urte jarri zen abian Euskadin MIA (miokardioko infartu akutua) tratatzeko laguntza-protokoloa, patologia hori pairatzen duten pazienteei arreta koordinatua eta integrala emateko. Oso balantze positiboa izan du funtzionamenduko lehen urte hauetan.  Protokolo hori aplikatzeak ahalbidetu du jarduera-denborak murriztea, eta, ondorioz, miokardioko infartu akutuaren ondoriozko heriotza-tasa jaistea Euskal Autonomia Erkidegoan. Mendebaldeko herrialdeetan, heriotza sorrarazten duen gaixotasun kardiobaskular nagusietako bat da.

Hala, MIA tratatzeko laguntza-protokoloa ezarri aurretik, Euskal Autonomia Erkidegoan gaixotasun hori zuten pazienteen heriotza-tasa % 10,4koa zen gaitza gertatu eta 180 egunera, eta gaur egun % 6,8koa da, 2019an gure erkidegoan miokardioko infartu akutua izan zuten 776 pazienteentzat.

Hilkortasun-tasaren beherakada hori arreta-denborak hobetzearen ondorioa da. Lehen, batez beste 110 minutukoa zen, eta protokolo hau aplikatuta, murrizten joan da, gaur egun 81 minutukoa izan arte, gida klinikoek gomendatzen duten 90 minututik beherakoa, infartu baten aurrean biziraupena handiagoa izan dadin.

Era berean, jarduera-protokolo horri esker, gaur egun, arreta-denborak murriztu direnez, angioplastia primarioa eskaini ahal izan da (buxatutako arteria irekitzea, kateterismo bidez “stent koronario” izenez ezagutzen den protesi txiki bat ezarrita), lehen hautu gisa. Hori Euskal Autonomia Erkidegoko herritar guztientzat eskuragarri dago, eta, horrela, ekitatea bermatzen da terapia hobea eskuratzeko orduan, hala nola angioplastia primarioa.

Nekane Murga Osasun sailburuak nabarmendu duenez, MIA tratatzeko laguntza-protokoloa abian jartzeak hobekuntza argia ekarri du miokardioko infartu akutuaren arretan, jarduteko denborak eta hilkortasuna murriztuta. Horrela, Osasun Sailak eta Osakidetzak gaixotasun kardiobaskularrak artatzeko 2013-2020 Osasun Planean jasotako estrategiekin eta lehentasunekin bat datozen helburuak lortu dira.  

Era berean, adierazi du Osasun Sailak konpromisoa eta laguntza ematen diola Bihotzez Euskal Sareari lanean jarraitzeko eta Osakidetzan berehalako laguntza homogeneo eta koordinatuan aurrera egiteko, pazientea ahalik eta ondoen maneiatu eta zaintzeko, osasunean eta gaixotasun kardiobaskularren arretan emaitza hobeak lortzeko helburuarekin.

Osasun sailburuak Bihotzez sarearen eta gaixotasun kardiobaskularren arretan inplikatutako profesional guztien lana eskertu du. Hain zuzen ere, Espainiako Kardiologia Elkarteak (SEC) laguntza-kalitatea hobetzea saritzen duen SEC-EXCELENTE programaren bidez aitortu du ahalegin eta lan on hori, eta Bihotzez Asistentzia Sareari aintzatespena eman dio “sindrome koronario akutuari, ST segmentuaren igoera duenari, arreta egiteko eskualde-sistema” gisa, eta Espainiako Estatu osoan Miokardioko Infartu Akutuaren Arretarako lehen Asistentzia Sarea da egiaztapen hori jasotzen duena.

BIHOTZEZ PROIEKTUA

Protokolo hori Osakidetzako diziplina anitzeko talde batek landu zuen, eta Osasun Sailak bultzatutako Bihotzez Euskal Laguntza Sarea osatzen du. Talde hori Osakidetzako kardiologoek, hemodinamistek, larrialdietako urgentziologoek eta ospitaleek, intentsibistek eta lehen mailako arretako medikuek osatzen dute. Bertan, infartua artatzeko katean inplikatuta dauden Osakidetzako osasun-baliabideen jardun koordinatu eta integralerako bide klinikoa, jarraibideak eta prozedurak ezartzen dira.

Proiektuak bere informazio-sistema du, eta, horri esker, arretaren kalitatea erregistratu eta ebaluatu daiteke, jarduera-denborei buruzko datuak etengabe aztertuta eta hobetu daitezkeen arloetan hobekuntzak proposatuta.

Gainera, etengabe berrikusten eta eguneratzen ari da, erreferentziako gida kliniko berrienen jarraibideak betetzeko.

Osasun-sistemarekin harremanetan jartzearen garrantzia

Pazienteak osasun-sistemarekin harremanetan batez beste 73 minututan jartzen badira ere (denbora hori egonkor mantendu bada protokoloa indarrean egon den denbora guztian), askoz hobe litzateke denbora hori 60 minututik beherakoa izatea.

Hori dela eta, herritarrei gogorarazi behar zaie bularreko mina izanez gero, bereziki pisu bat edo oso baliaezintasun-eragilea denean, ahalik eta azkarren jar daitezela harremanetan osasun-laguntzekin (“112”), izan ditzaketen ondorioak txikiagoak izango baitira. Izan ere, osasun-sistemarekin Larrialdien bidez harremanetan jartzea da jarduteko biderik azkarrena, eta profesional kualifikatuek arreta ematea gaitz horren konplikazio hilgarrienetako bat artatzeko, hala nola arritmia gaiztoak, pazienteen % 7,7ren baitan daudenak.  Gaur egun, 112 telefono-zenbakira egindako dei baten bidez osasun-sisteman sartzeko modua duten pazienteen portzentajea % 48 da.

 

Gasteiz, 2020ko urtarrilaren 29a