Barakaldok nerabeei zuzendutako kirol-jardueren egutegia diseinatu du

0
Ekimen honekin ohitura osasungarriak sustatu eta sedentarismoaren aurka borrokatu nahi dute Giltzarri plataformak eta UKEk. Ekintza-programa askotarikoa da, eta parte-hartzaileei hainbat diziplinatan hasteko aukera ematen die.

Barakaldoko Udalak nerabeei zuzendutako kirol programa berria jarriko du martxan datorren ostiralean. Group Training proiektua da, eta hiriko gazteei hainbat kirol-modalitatetan hasteko aukera ematen die, kirola egitea eta ohitura osasungarriak sustatzea helburu.

Gizartea gero eta sedentarioagoa da, eta hori dela eta, Udalak hainbat ekimen proposatu ditu, Barakaldoko hiritarrak kirolera hurbiltzeko. Kirola eta aire zabaleko jarduerak egitea osasun eta ongizatea baldintzatzen dituen funtsezko faktoreetako bat da. «Giltzarri plataforman antzeman dugu nerabezaroan, bereziki nesken artean, kirola egiteari uzten zaiola, nahiz eta haurtzaroan egin, kultura, hezkuntza edo motibazioari dagozkion arrazoiengatik», azaldu du Jonathan Martin Barakaldoko Udaleko Gazteria zinegotziak. «Kezkatzen gaituen afera bat da hau, eta horrexegatik planteatu dugu neska-mutilak jarduera fisikoekin berriz lotzeko helburua, hainbat kirol-diziplina hasi eta aurkeztuz», adierazi du.

Barakaldoko UKEren laguntza du ekimenak, eta Mugi Zaitez Barakaldo programaren bidez, herritarrei kirol-diziplina berriak ezagutzeko eta horietan hasteko aukera ematen die, kirola eta bizitza aktibo eta osasungarriaren ohiturak sustatzeko. «Duela urte batzuk hasi ginen modu pilotuan ekimen honekin, eta urte osoan zehar Barakaldoko kirol-instalazioetan doako kirol-jarduerak eskaintzeko apustua egin genuen», gogorarazi du Iñigo Asensio UKEko presidenteak. «Kasu honetan, bereziki garrantzitsua iruditzen zaigu ekimen hau nerabeei zabaltzea, garrantzitsua baita gazte-gaztetatik kirola egitea, haien bizitza hobetuko duten ohitura osasungarriak mantendu ahal izateko», adierazi du. «Gainera, iruditzen zait beren gustuetara egokitzen den eta benetan erakargarria izan daitekeen kirol egutegi bat sortzea lortu dugula, spinning edo crossfit bezalako jarduerekin», aurreratu du Asensiok.

Hala, hurrengo hilabeteetan, askotariko jarduera-programa bat aurkeztuko dute. Programa horrek barne hartzen du diziplina erakargarrien eta gaurkotasun osoko diziplinen hastapena, hala nola crossfit, body-contact edo spinning, eta, besteak beste, saioak estresaren kudeaketa, erlaxazioa edo naturarekiko harremana lantzeko jarduerekin konbinatuko dituzte.

Jarduera batzuk Lasesarre kiroldegian egingo dira, beste batzuk Barakaldoko CIS zentroan dagoen Giltzarri Topalekuan (Anaiak parkea, 3. solairua), eta horietako batzuk naturan bertan.

Programazioa hezkuntza-jarduerekin uztartuko dute; zehazki, norberaren zaintza, elikadura egokia, ongizate emozionala eta, azken batean, osasuna ikuspegi integral batetik nabarmenduko dituzten jarduerekin.

Jarduerak 12 eta 18 urte bitarteko gazteentzat izango dira, sarrera doakoa izango da eta aldez aurretik izena eman beharko da Giltzarriko Topalekuetan. Plazak mugatuak direnez, edukiera bete arte eman ahalko da izena. (CIS, 3. solairua eta Gurutzetako gizarte-etxea, 17:00etatik 20:00etara). Informazio gehiago behar izanez gero, Giltzarri zerbitzuko 944789597/944789641 telefonoetan galde daiteke.