Bizkaiko Foru Aldundiak Garapen Jasangarriko Helburuekin bat datozen 120 jarduketa markatu ditu

0
PRUEBA

Bizkaiko Foru Aldundiak badu legegintzaldi honetarako bere ibilbide-orria, Bizkaia Egiten 2019-2023 estrategiaren inguruko agintaldi-plan artikulatu bat. Plan horretan lehentasunezko 120 jarduketa jasotzen dira, helburu bakar batekin: Bizkaia hobea uztea hurrengo belaunaldientzat. Jarduketa horiek erabat daude lerrokatuta Garapen Jasangarriko Helburuekin eta gure lurraldea markatzen duten hiru ardatz naturalen inguruan egituratzen dira: kostaldea, itsasadarra eta berdea. Eta lau esparrutan garatuko dira: jarduera ekonomiko lehiakorra eta kalitatezko enplegu-aukerak eskainiko dituena sortzearena; pertsonena eta aukera-berdintasunarena; mugikortasunarena eta iraunkortasunarena; eta kudeaketa moderno eta irekiarena.

Estrategia honen diseinuaren abiapuntua Bizkaiko egoeraren eta lurraldearen indarguneen eta etorkizuneko erronken azterketa izan da. Azterketa horretan egiaztatu da gure lurraldeak azken urteotan susperraldi nabarmena izan duela jarduera ekonomikoan eta enpleguan; horren erakusgarri da langabezia-tasa % 6 jaitsi izana 2015 eta 2019 artean, eta eskualde eta udalerri guztiak erritmo berean aurrera egitea enpleguaren sorreran. Abiapuntua, beraz, 2015ean baino positiboagoa da, nahiz eta, estrategian jasotzen den bezala, oraindik ere ezinbesteko erronkak dauden, hala nola enpleguaren egonkortasuna eta kalitatea, eta, beraz, ezin da guardia jaitsi.

Estrategiak hautematen dituen indarguneek zerikusia dute pertsonekin («gizarte prestatua, langilea, modernoa, irekia, solidarioa eta serioa gara; berbako pertsonak»), lurraldean dagoen eta gizarte-zerbitzuen arloan erreferente bihurtu duen gizarte-babeseko sare sendoarekin; erreferentziazko enpresen egoitza izatearekin eta atzerriko inbertsioa eta enpresa berrien ezarpena nabarmen handitzeko gai izatearekin; gero eta erakargarritasun turistiko handiagoa eta barne- eta kanpo-mugikortasun bikaina, garraio publikoaren sistema oso eta efizientea duena, eta arlo horretan ere erreferentea dena.

Elementu horiekin Bizkaia Egiten Programak Bizkaiak datozen urteetarako dituen erronkak zehazten ditu. Erronka horietan erabateko lehentasuna enplegua da, kalitatezko enplegu egonkorra. Ildo horretatik ahaleginak egingo dira kualifikazio txikiena duten pertsonak eta enplegua lortzeko aukera gutxien dituzten kolektiboak laneratzen laguntzeko. Erronka horri arrakastaz aurre egiteko beharrezkoa da enpresen lehiakortasuna hobetzeko lanean jarraitzea, hori baita erronketako bigarrena. Eta, gure lurraldeko enpresa-ehunean ETEek pisu handia dutenez, erronka hori lortzeko beharrezkoa da enpresen arteko integrazio- eta lankidetza-formuletan sakontzea, ezagutza-sistemarekin eta I+G+b-n inbertsio handiagoa egitearekin ere harremanetan jarriz, eta, gainera, nazioartekotzearen aldeko apustuari eutsiz.

Epe luzeagoari begira Bizkaiaren bi erronka nagusiak demografiaren auzia eta ingurumenaren iraunkortasuna dira. Beharrezkoa da gure lurraldea gaztetzea, jaiotza-tasa handitzea eta, horretarako, funtsezkoa da gazteei aukera-etorkizun bat eskaintzea eta gazte-talentu berria erakarri eta atxikitzea eta, aldi berean, gizarte-zahartzearen erronka aukera ekonomiko bihurtzea, «zilarrezko ekonomia» deritzonaren ahalmen ekonomikoa baliatuta. Eta beharrezkoa da, halaber, Bizkaia are lurralde berdeagoa bihurtzea, horrek bizi-kalitatea handitzea, hobeto bizitzea eta, era berean, hurrengo belaunaldiei Bizkaia hobea uztea esan nahi duelako.

Azkenik, gure lurraldearentzako beste erronka nagusietako bat berdintasunarena da, zentzu bete-betean: emakume eta gizonen artekoa, eskualdeen artekoa, udalerrien artekoa.

Erronka horiei guztiei erantzuten die Bizkaia Egiten 2019-2023 estrategiak, bere 120 jarduketekin, «Egiten jarraitu» nahi dutelako, eta aukera zehatzak direlako herri guztien, lurralde osoaren, garapen orekatu eta iraunkorrerako.

Jarduketa horien artean, honako hauek aipatu behar dira:

  • Enplegu eta jarduera ekonomiko gehiago eta hobea sortzeari dagokionez:
    • Nazioarteko Ekintzailetza Zentroa, potentzial handiko ekintzailetzaren nazioarteko erreferentzia-polo gisa funtzionatuko duena eta Bizkaiarentzat estrategikoak diren sektoreetan espezializatuta egongo dena (energia, mugikortasuna, Foodtech eta Digitech).
    • Ezkerraldeko-Meatzaldeko Teknologia Parkea; horren ardatz nagusia Energy Intelligence Center (EIC) izango da.
    • Nagusi Intelligence Center abian jartzea, gure lurraldeko «zilarrezko ekonomia» estrategiaren eragile gisa.
    • Bermeoko portuari bultzada berria ematea, inguruan sor litezkeen jarduera ekonomiko berriak birdefinituz eta helburu hori lortzeko beharrezkoak diren konektibitate-hobekuntzak eginez.
    • Tokiko merkataritzaren digitalizazioa bultzatzea, kudeaketa aurreratuko tresna teknologikoak ezarriz eta merkataritza digitaleko orotariko kanaleko plataforma sortuz.
    • Merkataritza Akademia, sektorea biziberritzeko.
    • Barne-turismoko estrategia, bizkaitarrek gure lurraldearen erakargarritasun ugariak deskubri ditzaten, tokiko nortasuna eta harrotasuna eta kidetasun-sentimendua indartzen lagunduko duten askotariko proposamen, plan eta esperientziak diseinatuz eta zabalduz.
    • Ezkerraldea-Meatzaldea eta Enkarterri eskualdeei laguntzeko plan estrategikoak.
    • Eskualdeetan jarduera ekonomikoaren sustapena bultzatzea Bizkaia Orekan Sakonduz programaren bidez. Bertan, udalerrietako eta eskualdeetako garapen-eragileekin batera lan egingo da, haien erronka estrategikoei lotutako proiektuak sustatuz eta lagunduz.
    • 42 Bizkaia Programa, konpetentzia digitaletan gaitzeko.
    • Enplegu Plan Berezia, 10 milioi eurokoa.
  • Pertsonen eta aukera-berdintasunaren eremuan:
    • Herri Txiki Aukera Handi, tokiko eragileak mobilizatu nahi dituen programa, gure lurraldeko herri txikien erronka komunetarako irtenbideak elkarrekin identifikatzeko.
    • Bizkaia Gara, boluntarioen sare zibila, lagundu nahi duten pertsonen eta laguntza behar dutenen arteko topagune gisa balioko duena.
    • Bizkaiko labar-arteari buruzko erreferentzia-espazioa.
    • Familientzako aisialdi-guneak eta udalerrietan dauden azpiegitura estalietan espezializatutako azokak bultzatzea.
    • ‘Bilbo efektua’ itsasadarraren bi ertzetako herri guztietara zabaltzen hastea, hainbat legegintzalditan garatuko den proiektu honen hasierako diseinuaren eta lehen urratsen bidez.
    • Bizkaian gizarte-ekintzako eskualde-zentro integral baten proiektu pilotua abian jartzea.
    • Belaunaldien Arteko Zentro bat sortzea Getxon, adin desberdinetako pertsonak elkarrekin bizi daitezen, espazio komun horretan beren bizi-proiektuak garatuz.
    • EtxeTIC proiektua.
    • «Bay of Biscay, Bay of Care-Zaintzen Lurraldea» delakoaren garapena. Iraupen luzeko zainketei buruzko Europa mailako hausnarketa-prozesua da, mendekotasun-egoeran dauden pertsonen egungo eta etorkizuneko arreta-premiei erantzungo diena.
    • LEPen deialdiak; horietan guztira 560 plaza deituko dira.
    • Bizkaia Kooperaren bultzada, lurraldean erreferentziazko erakundeekiko lankidetza indartzeko.
    • Bizkaiko Emakumeen Partaidetzarako Kontseilua sortzea eta abian jartzea, berdintasuna lortzen laguntzen duten elkarte feministek, emakumeen elkarteek eta beste erakunde eta organismo batzuek parte hartzeko organo gisa.
    • Gazteen eta nerabeen artean indarkeria matxistaren egoerei arreta emateko programa.
    • «Bizkaian Euskara Bizia», euskararen erabilera eta presentzia sustatzeko.
    • Euskararen Interpretazio Zentroaren sustapena eguneratzea eta indartzea.
    • «Bizkaia Musik On» programa, jaialdi-giroa gure lurraldeko hainbat lekutara hurbiltzeko.
    • Beteranoen Kirola Programa, beteranoek kirola egiten laguntzeko jarduerak antolatuko dituena.
  • Mugikortasunaren eta iraunkortasunaren eremuan:
    • MHSren bigarren fasea AP-68arekin konektatzeko.
    • Itsasadarraren azpiko tunelaren hasiera.
    • Hiriarteko bidegorrien sarea.
    • Metroa Galdakaora eta Bilboko hegoaldeko auzoetara zabaltzeko bultzada.
    • Bizkaiko Hiri Hondakinak Kudeatzeko III. Plan Integrala egitea.
    • Energia berriztagarriak ezartzeko eta energia aurrezteko eta efizientzia energetikoan aurrera egiteko udalei ematen zaizkien laguntzak.
    • Klima-aldaketak Bizkaian duen eraginari buruzko diagnostikoa egitea eta etorkizunerako lan-ildoak zehaztea.
    • Tratamendu Mekaniko Biologikoko plantan erregai berriztagarriak sortzeko planta bat martxan jartzea.
    • Lehen sektoreko belaunaldien arteko errelebo-plana.
    • Bizkaibuseko autobus-flota handitu eta berritzea.
    • Bizkaian metroa eta trena garraioaren arteria bihurtzeko esperientzia pilotuak garatzea.
    • Bide berdeak lehengoratzea.
    • 0 Kilometro produktuen eta profesionalen balioa nabarmentzea eta ikusaraztea, kalitatea eta natura-ingurunearekiko errespetua sustatuz.
  • Kudeaketa moderno eta irekiaren esparruan:
    • Jarduera ekonomikoen tributazioaren kontrol integralerako BATUZ sistema.
    • Zerga-iruzurraren aurka borrokatzeko neurriak.
    • Herritarren arretarako eskualde-bulego berriak irekitzea, Bizkaia Gertu.
    • Bizkaia PREST abian jartzeko lanak amaitzea, Bizkaian esku hartzeko baliabideak mobilizatzen dituzten foru-zerbitzu guztiak plataforma teknologiko bakarrean integratuta.
    • Herritarrentzako zerbitzuen aplikazio bat sortzea mugikorretarako.
    • Bizkaiko Foru Aldundiaren plan estrategiko digital bat diseinatzea.

Jarduera horiek jarraipen- eta ebaluazio-prozesu baten mende egongo dira. Prozesu horren barruan kontuak ematea sartzen da, bai urteko txostenen bidez, bai eskualde- eta sektore-topaketen bidez. Horietan, Ahaldun Nagusiak eta foru diputatuek beren kudeaketa azalduko diete herritarrei.