- Bruselan burutzen ari den lan-agendak bilerak jasotzen ditu Ursula von der Leyen presidentearen Kabinetearekin, Enplegu eta Gizarte Gaietako Europako komisarioaren kabinetearekin, eta baita Europako Parlamentuko Hezkuntza eta Kultura Batzordeko presidentearekin ere.
Eusko Jaurlaritzak Europako Batzordearekin duen harremana indartzen jarraitzen du hainbat arlotan. Hezkuntza Sailak, Lanbide Heziketako Sailburuordetzaren bitartez, lan-agenda bizia du gaur, egun osoan, Europako Batzordearen Presidentzia eratu berriko ordezkariekin. Jorge Arevalo Lanbide Heziketako sailburuordearekin batera, Rikardo Lamadrid Teknologiaren eta Ikaskuntza Aurreratuen zuzendaria, Nicolas Sagarzazu Plangintza eta Antolaketako zuzendaria eta Marta Marín Europar Batasunerako Euskadiren ordezkaria izan dira bileran.
Egunean zehar egindako topaketek jarraipena ematen diote EBko arduradunekin Lanbide Heziketaren inguruan lehendik errotuta dagoen elkarrizketari. Harreman horri esker, Europako Batasunak Euskadiren ikuspegia izan du datozen urteetarako Batasunerako politikak eta estrategiak definitzeko orduan. Euskadik aktiboki parte hartzen du datozen hilabeteetan garatu beharreko Europako politika orokorretan.
Goizean goiz hasi dira bilerak Europako Parlamentuko egoitzan, Parlamentuko Hezkuntza eta Kultura Batzordeko presidente Sabine Verheyen-ekin, eta zenbait eurodiputaturekin izan den lan gosariarekin. Ondoren, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saileko ordezkaritza Ursula von der Leyen presidentearen Kabineteko kideekin elkartu da. Hain zuzen ere, Maria-Luisa Cabral Prestakuntza, Gaitasun eta Enplegu gaietarako arduradunarekin izan dute hitzordua.
Euskal ordezkariek Euskadiko Lanbide Heziketaren ildo estrategikoak azaldu dituzte, eta, bereziki, IV. Industria Iraultzak planteatzen dituen erronkei nola erantzuten dien euskal Lanbide Heziketak, LHko V. Euskal Planaren bidez. IV Industria Iraultzaren aurrerapenak dakarren gero eta testuinguru konplexuagoan, aurrea hartzeko gaitasuna izatea erabakigarria da. Iraultza horrek eta sortzen ari diren enpleguek eskatzen dituzten lanbide-gaitasun berriak hautematea da EAEko Lanbide Heziketa bere V. Planaren bidez lantzen ari den erronka handienetako bat. Azken batean, kontua da garai berrietara egokitzea eta pertsonen prestakuntza-premiak antzematea, premia hauek lanpostuetara iritsi aurretik. Pertsonen enplegagarritasun eta enpresen lehiakortasun-premia berriei eta aurre egitea lortuko duten lanbide-gaitasunak eta kualifikazioak, azken batean.
Baina funtsean aurrerapen teknologikoek eraginda gertatzen ari den eraldaketa horren aurrean, Lanbide Heziketako V. Euskal Planak giza dimentsioan ere jartzen du arreta: gizakiaren garrantzian eta hark teknologia, digitalizazio, robotizazio eta sistema adimendunen ingurunean garatu behar dituen balioetan. Horregatik, adimena, iraunkortasuna, integrazioa edo elkartasuna bezalako kontzeptuak ere funtsezkoak dira Planaren garapenean.
Bileran, Arévalo sailburuordeak eta bere taldeak Euskadin bultzatzen eta ezartzen ari diren Lanbide Heziketako ikastetxe adimendunen eredua ere hizpide izan dute. Era honetako 13 ikastetxe dira egun Euskadin, horietako bat Bergarako Miguel Altuna LHko ikastetxea, berriki inauguratua, eta Europan ere erreferente bihurtu dena.
Bestalde, EBko arduradunek Von der Leyen presidentzia berriaren lehentasunak helarazi dizkiete Eusko Jaurlaritzako arduradunei, bereziki «Europako Itun Berdea», «Aro digitalera egokitutako Europa» eta «Pertsonen zerbitzura dagoen ekonomia» ardatzei dagokienez. Europako Batzordeko Lehendakaritza berriak, hain zuzen ere, aste honetan bertan zehaztu eta argitaratu ditu 2020rako lan-programa eta lehentasunak, eta bertan jasotzen dira aipatutako ardatzak. Ardatz horien agenda estrategikoa, besteak beste, enplegurako etorkizuneko gaitasunei, ingurune digitalei, adimen artifizialari, berrikuntzari edo industriarako gaitasun berriei buruzkoa da. Bileran egiaztatu ahal izan denez, bi erakundeen agendak eta lehentasunak – Eusko Jaurlaritzarena eta Europako Batzordearena – erabat lerrokatuta daude eta gaurkotasun osoa dute. Beraz, Euskadiko Lanbide Heziketaren erreferente izaera indartu egiten da, erantzun zehatzak emanez Europako politikei ekarpenak egiteko, aipaturiko gaietan.
Horrez gain, eguerdian, Rikardo Lamadrid Teknologiaren eta Ikaskuntza Aurreratuen zuzendariak Lanbide Heziketa eta Espezializazio Adimentsuaren inguruko Foroan hitza hartu du.
Arratsalderako agenda
Arratsaldean, Europako Batzordeak Berlaymont eraikinean duen egoitzan, bilera egingo da Nicolas Schmidt Enplegu eta Gizarte Gaietako komisario europarraren Kabinetearekin, Christoph Nerlich Prestakuntza eta Lanbide Heziketako arduraduna buru dela. Zuzendaritza honek sortu du, hain zuzen ere, Bikaintasuneko Lanbide Heziketa Zentroen Sare Europarra. Bost ikastetxe bitu egun sareak, horietako bat Euskadiko Lanbide Heziketakoa: Tknika. Tknikak 4.0 Fabrikazio Aurreratuaren inguruko plataforma baten lidergoa darama, Europa mailan.
Komisario honen agintaldiaren lehentasunetako bat da datozen urteetarako Skills Agenda deritzona (konpetentzia profesionalen agenda) berrikustea eta eguneratzea, Presidentzia berriaren aipatutako ardatz estrategikoen ildotik. Bereziki nabarmendu nahi dira digitalizazio-inguruneek eta ekosistema digitalak eskatzen dituzten gaitasunak. Sailburuordeak Euskadiko Lanbide Heziketak arlo horretan duen ikuspegi estrategikoa azalduko du, eta euskal esperientzia Europako agendan ezartzen ari diren erronkei egin egiten ari zaien ekarpenak azalduko ditu.