FIRST LEGO League Euskadi lehenengoz iritsiko da Donostiara

0

Gipuzkoako hiriburua izango da, Deusto (Bilbo) eta Arrasaterekin batera, FIRST LEGO League Euskadi nazioarteko txapelketari aldi berean harrera emango dioten hiru kokalekuetako bat. Donostiaren kasuan, hiru probintzietako 350 bat gaztek ariko dira, 35 taldetan banatuta. Bakoitzak euren proposamenak aurkeztuko dituzte Eureka-Zientzia Museoan, aurtengo ediziorako proposatutako gaiaren inguruan: CITY SHAPER, bizitzeko eta lan egiteko ingurune hobeak eraikitzea. Honekin lortu nahi dena da hiriko eraikin edo espazio publiko baten arazo bat antzeman eta horri irtenbide berritzaile bat proposatzea.

Ekonomia Bultzatzeko Sailak, Donostia Sustapenaren bitartez, izango du FIRST LEGO League Euskadi txapelketa Donostian antolatzearen ardura. Enrique Ramos, Donostiako Udaletxeko Zinegotziak honakoa adierazi du: “Donostia Sustapena sailean dugun lan estrategiarekin bat dator FIRST LEGO League Euskadi txapelketa ospetsuaren bitartez Innobasque-k STEM (ingeleraz, Zientzia, Teknologia,Ingenieritza, Artea eta Matematika) gaitasunen eta berrikuntzaren alde burutu duen apustuarekin. Guretzat, beraz, garrantzitsua da dinamika hau erakarri eta gure hirian abian jartzea, FIRST LEGO League Euskadi txapelketaren ildotik, hartara teknologia berri horien inguruan eta baita balio horien inguruan ere gazteak hezi eta prestatzeak duen garrantzia azpimarratu eta ezagutzera emanda, horrela lortuko baitugu datozen urteotan programa honetan eta Donostia Sustapenetik, Donostia Innovation Campus programaren esparruan, antolatzen ditugun bestelako ekimenetan parte hartzen duten ikasle donostiarren eta ikastetxeen kopurua areagotzea”.

FIRST LEGO League Euskadik sei hilabete daramatza prestakuntza programa batean lanean eta, hari esker, ikasle parte hartzaileek bertatik bertara ikusi ahal izan dute nola lan egiten duten arkitekturaren edo ingeniaritzaren moduko arloetako eta euskal zentro teknologikoetako, erakundeetako eta unibertsitateetako ikertzaile, teknikari eta profesionalek.

Otsailaren 8an, Eureka Zientzia Museoan, antolatuko da First Lego League txapelketaren Donostiako egoitza eta 350 bat euskal gaztek osatutako 35 taldek (bi kategoriatan banatuta: 6-9 urte bitartekoak eta 10-16 urte bitartekoak) defendatuko dituzte aurtengo ediziorako aurkeztutako irtenbideak, zaharrenak hiru arlotan banatzen dira:

  • Berrikuntza proiektua. Parte hartzaileek proposamenak aurkeztuko dituzte hiriekin lotutako arazo bati irtenbidea emateko.
  • Robotaren jolasa. Eurek diseinatu duten LEGO MINDSTORMS robotaren aurka lehiatuko dira, hainbat misio gainditzeko programa bat sortu ondoren.
  • FIRST LEGO League balioak. Proiektuak balio hauen inguruan garatu dituztela frogatu beharko dute: aurkikuntza, berrikuntza, inpaktua, talde lana eta y jostaketa.

Lau dira lehiaketan parte hartuko duten Donostiako ikastetxeak: Axular, Santo Tomas, English School eta Mundaiz. Donostian parte hartuko duten 35 taldeen artean, hiru arloetako bakoitzean hoberen klasifikatuta amaitzen duten bi taldeak FIRST LEGO League Espainia txapelketako finalera igaroko dira, Tenerifen martxoaren 28 eta 29an burutuko dena.

Finaleko talde onenek udan Estatu Batuetan, Japonian, Brasilen eta Australian burutuko diren nazioarteko lehiaketetara joateko aukera izango dute. Parte hartzaile, boluntario eta senideen artean, 600 lagunetik gora bertaratzea espero da. Ekitaldia 10:00etan hasiko da eta 15:00ak aldera amaituko da sari banaketarekin.