Getxo: Udalkutxa funtseko 1,7 milioi euro baino gehiago xedatu dira

0

Udalkutxa funtseko 1,7 milioi euro baino gehiago xedatu dira, hainbat udal ekintzatarako; besteak beste, gazteen emantzipaziorako laguntzetarako.

Udaleko osoko bilkurak 1.744.064 euroko Bizkaiko Foru Aldundiaren Udalkutxa finantzaketa-funtsaren kargura kreditu bat gaitzea onetsi du gaur, Udal Gobernuaren aldeko botoekin (EAJ/PNV eta PSE-EE) eta PP eta Elkarrekin Podemos alderdien abstentzioekin (EH-Bildu ez da bilkuran izan), hainbat ekintzatarako; besteak beste, etxebizitzak alokatzeko laguntzak, gazteen emantzipazioa sustatze aldera. Horretarako, 250.000 € xedatu dira.

Aurten, Udalkutxak 51.544.064 € emango dizkio Udalari, hau da, Udalak aurreikusitakoa baino 1.744.064 € gehiago, zehazki. Horregatik, diru kopuru hori Udalaren aurrekontu arruntean sartzeko proposamena aurkeztu da eta, besteak beste, emantzipaziorako laguntzetarako aipatu den helburuaz gain, honako xede hauek emateko proposamena egin da: Algortako Urgull kaleko espazio bat adinekoentzat egokitzea, 2019ko Partaidetza Aurrekontuen eta BBKrekin sinatutako hitzarmenaren ondorioz (200.000 €); espaloiak ekortzeko makina berriak erostea eta, besteak beste, gasolinazko haize-makinen ordez haize-makina elektrikoak jartzea, ingurumenerako hobeak eta isilagoak baitira (155.000 €); hondakinak biltzeko bi ibilgailu erosteko prozedurari hasiera ematea (20.000 €); kopuru horri 2021eko aurrekontuko beste 540.000 € gehituko zaizkio, beste bi zabor-kamioi berrirentzat xedatuko dena (gai hori ere osoko bilkura honetan onetsi da); jolas-eremuak berritzea (120.000 €); Udaletxeko balaustrada berritzea (211.000 €); hainbat jarduera beste udal eraikin batzuetako berritze- eta ongitze-lanak egiteko, besteak beste, Usategiko inguratzailean (237.804 €); arrapala mekanikoak mantentzeko zuzkidura handitzea, eta Portu Zaharreko Bizilagunen Elkarteari termitei aurre egiteko ematen zaion zenbatekoa (70.000 €); Punta Begoña Fundazioari egiten zaion ekarpena (50.000 €) eta Zabalketa Elkarteari ematen zaion finantziazioa (10.000 €).

PP eta Elkarrekin Podemos alderdiak abstenitu egin dira, proposamen horiek ez direlako lehentasunezkoak beren taldeentzat, multzoka bozkatu direlako eta, adierazi dutenez, “horietako batzuen alde gaude eta beste batzuen aurka gaude”. Bestalde, Udal Gobernuak uste du proposamen horiek “arlo eta erakunde autonomoek planteatzen dituzten beharretara egokitzen direla, eta profil sozial argia dutela”.

Halaber, aho batez onetsi da 84.310 euroko kreditua gaitzea, nazioarteko babesa eskatzen eta jasotzen duten pertsonen harrera- eta integrazio-prozedurak hobetzeko jarduerak finantzatze aldera. Jarduera horiek Eusko Jaurlaritzarekin sinatutako ‘Auzolana’ hitzarmenaren barruan sartzen dira, eta jarduera horien finantziazioari Eusko Jaurlaritzak ematen duen ekarpenarekin aurre egiten zaio.

Beste alde batetik, Hiri Antolamendurako Plan Orokorraren (HAPO) aldaketa puntualari hasierako onespena eman zaio hirigintza-erregulazioak malgutzeko eta egokitzeko, etxebizitzaren, kirol-ekipamenduen eta hotelen arloko errealitate berriei erantzute aldera. Horrela, merkataritzakoak ez diren lonja batzuk etxebizitza bihurtzea errazten da, bizigarritasun-lizentzia onartzen da horretarako egokitutako lonjetan, hots, sestra azpiko kotan eremuren bat daukaten lonjetan, eta kasu jakin batzuetan «xehetasun-azterlana» egiteko eskakizuna kentzen da.

Mozioak

Mozioei dagokienez, Alderdi Popularrak aurkeztutako proposamen bi onetsi dira: Lehenbizikoa, Udalak ekimena har dezan eta hiri-espazioak erreserba ditzan ‘elektro-hornitegi’ deiturikoak instalatzeko, modu autonomoan edo erakunde pribatu edo publikoekin akordioak bultzatuz. Proposamen horiek, Udal Gobernuaren arabera, dagoeneko eginda daude edo inplementazio fasean daude, PPk eskatzen duenetik haratago ere. Eta PPren beste mozioak eskatzen du Manuel Gaintzako aparkaleku-partzelak esleitzeko espedientea eta beharrezko izapideak hasteko, atzerapenik izan ez dadin.

Azkenik, Udaleko langile erretiratuek «eskuratutako eskubideen murrizketak» salatzeko kartelak zabaldu dituzte osoko bilkuran. Publikoaren galde-eskeen txandan egindako esku-hartzeen artean, Getxo Aquariumeko langileen ordezkari batena egon da, duela hilabete batzuk bezala. Izan ere, instalazioaren itxiera dela eta, greban daude, eta bihar, 13:00ak arte, kanpatuko dute, udaletxeko zabalgunean, langileen kaleratzea salatzeko.